Jesus Zaballos alkateak eta Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuneko teknikariak Errespetuz gozatu. Errespetuz jokatu kanpainan aurrera eramango diren ekimenak azaldu dituzte. Horietako batzuetan sozioekonomia arloko laguntza ere izan dutela jakitera eman dute.
Jaiak errespetuz gozatu leloa duten ezpainzapiak izango dira tabernatan. Kondoi, lubrifikatzaileak eta kanpainari buruzko eskuorriak ere eskuragarri izango dira erdialdeko eta gaueko giroa duten tabernetan.
Aurten ere, Lasarte-Oriako ostalariek haien lokaletan eraso matxistarik egongo balitz protokoloa martxan jarri behar dute: musika itzali, argiak piztu eta erasotzailea tabernatik bota beharko lukete.
Era berean, 'Errespetuz jokatu' leloa duten zapiak ere banatuko dira helduen txupinean.
Honez gain, aniztasun sexualaren errespetua sustatze aldera, ostadarraren koloreak dituzten pultserak banatuko dira txupinazoetan. "Haurren txupinekoek sexu berdintasuna irudikatzen duten iruditxoekin eta helduenean, 'errespetuz gozatu' leloa izango dute".
Alkateak aurtengo jaietan arazorik egon ez dadin udalaren esku dagoen guztia egingo dutela aipatu du. "Jaietan berdintasuna egon dadin eta egoera ez egokiak edo erasorik egon ez dadin udalak neurriak hartuko ditu, baina herritarren eta ostalarien laguntza ere beharrezkoa da. Horrelakorik ikusiz gero, dagokion telefonora deitu behar da," azpimarratu du alkateak. Indarkeria fisikoa, psikologikoa, berbala zein sexuala jasatez gero, 900 840 111/016 zenbakietara dei daiteke. Larrialdietarako 112 zenbakia dago eta Lasarte-Oriako udaltzaingoaren zenbakia 943 362 442 da.
Horrelako ezbeharrak gerta ez daitezen, Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako arduradunak eskaera berezia egin die gurasoei. "Gaztetxoekin elkargune puntuak zehaztea oso garrantzitsua da".