'Normala'

Sorgin Jaiak talde feminista 2019ko eka. 25a, 15:30

Lasarte-Oria ez da leku segurua emakumeontzat*! Ez emakumeontzat ezta heteropatriarkatuak zapaltzen gaituen subjektuontzat ere. Askotariko zapalkuntzek zeharkatzen gaituzte: ez da gauza bera emakume arrazializatua, euskalduna, bollera, marika edo transa izatea. Agerikoa den hori ageriagoan uztea beharrezkoa iruditzen zaigu, are gehiago, ekainaren 28a, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, tartean izanik. Askotariko erasoak jasan ditugu eta jasaten ditugu. Baina normala denaz hitz egin nahiko genuke

Normala da festa-giroan gizonek matxirulismoaren gorazarrea egitea. Normala da mozkortutako aho batetik komentario misogino, homofobo edo arrazistak entzutea. Normala da "nahi gabe" gizonen batek emakume baten ipurdia ukitzea. Normala da espazio publikoa gizonek okupatzea. Normala da ezezkoak ongi ez entzutea. Normala da bi emakume/gizon plazan muxuka ari badira arraro begiratzea. Normala da musika talde baten letrak misoginoak, homofoboak etab. direla salatu, plazan ez jotzeko udalari eskatu eta honek jaramonik ez egitea. Normala da kontzertua salatzeko ekintza egin eta publikoko eta eszenatokiko anaiditik irainak, ukituak eta eraso fisikoak jasatea. Normala da, diskurtsorik zabalduena –"normal, feminaziak probokatzera joan zaizkie"– izatea. Normala da, ohikoa. Ez da larria. Udalak normala dela uste duela argi utzi du eta baita beste hainbatek ere. Normala den horrek zapaltzen gaitu! Aurrean izango gaituzue, ez dugu erasorik onartuko!

PUNTU MOREA txosna gunean. ZAPI-MOREDUNAK edonon.

ERASOEN AURKAKO TELEFONOA: 722 572 208

Egunak eta gauak gureak dira! Gora borroka feminista!