Kale ekintza gehiago aurtengo sanpedroetan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 17a, 15:53

Gutxi falta da sanpedroetarako, eta dagoeneko batzuk hasi dira motorrak berotzen. Udalak aurkeztu du aurtengo festetarako egitaraua; eskuragarri dago jada webgunean eta herriko komertzioetan. Beste urteetako egitura berbera jarraituko du; jaiak ofizialki hasi aurretik, hainbat ekitaldi izango dira. Tartean, San Joan sua, eta hainbat elkarteren ekimenak. Adibidez, Biyak Bat Elkarteak antolatutako mahai joko eta toka finalak. San Joan sua Andatza plazan piztuko dute, eta udal ordezkariek dantza egingo dute.

San Pedro bezperan, ekainaren 28an, txupinarekin batera inauguratuko dituzte festak. Goizean txikienek botako dute, udaletxe zaharrean. Arratsaldean Okendo plazan abiatuko da festa, Aterpea omenduaren eskutik. 

Txus Alonso Jaietako zinegotziak azaldu duenez, aurten kaleko ekintza gehiago programatu dituzte. Eguraldiak lagundu behar du horretarako. Umoreak ere ez du hutsik egingo: txirigotak, Mikel Bermejoren bakarrizketak, antzerkiak... 

Bestetik, proposamen berri bat helarazi du Jaietako departamenduak. Lasarte-Oriako armarria duten 650 bandera eskatu dituzte, eta herritarren eskura jarriko dute. Asmoa da horrekin festa garaian balkoiak apaintzea.  

Jaiak deszentralizatzeko ahalegina egin du udalak; Andapa, Isla plaza, Jaizkibel eta Sagardotegi aipatu ditu. Ekintza tradizionalek ere bere horretan jarraituko dute: Aterpearen sardinada, danborrada, sagardo dastaketa... 

Udalak azaldu duenez, 134.000 euro gastatuko dituzte festetan; elkarteei emandako diru laguntzak kontuan hartuta, 152.000 euro guztira.

 

Erlazionatuak

Sorgin Jaiak aurkeztu dituzte

Beñat Lizaso 2019 eka 15 Gizartea