Gero eta gutxiago falta da sanpedroetako, eta batzuk hasiak dira planak egiten. Horretarako, batek baino gehiagok begiratuko du kontzertuen agenda. Udalak aurkeztu ditu dagoeneko. Ostiralean euskal taldeek joko dute Okendo plazan: Hesian eta McOnak izango dira oholtza gainean. Larunbatean Onintze, Huecco eta Regaderaren txanda izango da.
Ibilbide luzea du Hesian talde nafarrak. 2006an sortu zuten, eta zazpi disko kaleratu dituzte. Aldarrikapen sozialak jasotzen dituzte hitzetan, punk-rok eta hardcore doinuak baliatuta. Ska estiloa ere uztartzen du. McOnak, berriz, Lekeiton sortu zuten 2011n; lau disko kaleratu dituzte orain arte. Folk-rock zeltiar estiloa jorratzen du.
Larunbatean erdal taldeek hartuko dute Okendo plaza. Onintze bakarlaria aurkeztu dute gaueko kontzertu nagusi moduan. Seiren euskal taldean aritu izan da, baina bere ibilbidean bakarka hasi da, gazteleraz kantatzen. 40 Principales irrati katean entzunenetakoa izan da pop abeslaria.
Huecco taldea ezagun egin zen Espainian Pa mi guerrera abestiarekin. Baita indarkeria matxistaren aurkako abesti bat egiteagatik ere: Nos duele a todas. Ska eta reagge estiloak uztartzen ditu. Azkenik, Miranda Ebrotik (Burgos, Espainia) etorriko da Regadera.
Txus Alonso Jaietako zinegotziak azaldu duenez, prozesu parte hartzaile baten ondoren egin da aukeraketa. Halere, aurrekontura doitu behar izan dituzte kontzertuak, proposamenetako batzuk garestiegi ateratzen zirelako. Denera, 36.363 gastatuko dituzte bost kontzertu horietan. Bestetik, Alonsok nabarmendu du Zumaburu eta Sasoeta plazetan ere kontzertuak egingo dituztela. "Aurreko urteetakoak baino maila altuagokoak izango dira". Datozen egunetan iragarriko dituzte taldeak.