Motorrek hartu dute herria

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 15a, 12:32

Motorren burrunba, erregai usaina, neumatikoen kea, kolore guztietako vespak eta lambrettak... Bi gurpildun ibilgailuek hartu dute gaur Lasarte-Oria. Scooter Club Euskadik antolatutako rallyaren egun garrantzitsuena da. Gauean jarraituko du festak, Buenetxea tabernako musika emanaldiekin

Bi gurpileko ibilgailu motordunak dira Lasarte-Oriako errepideen jaun eta jabe gaur. Vespa eta lambrettez bete da Okendo plaza eguerdian, eta Hipodromo etorbidea geroxeago. Scooter Club Euskadi elkartea rallya ospatzen ari da asteburu honetan; hemeretzigarren edizioa da aurtengoa. Egun garrantzitsuena da gaurkoa. Festak gau partean jarraituko du, Buenetxea tabernan: Logroñoko Stupiditos taldeak joko du aurrena; gero, festa luzatuko dute Magri SV eta Koko Txanel DJek. 

Lasai esnatu da herria. Motorzaleak apurka-apurka iritsi dira Okendora. Ibilgailuak aparkatu eta Artizar tabernara joan dira, hamaiketakoa egitera. Konbinazio ezin hobea: sagardo freskoa eta pintxoak. Pontxo Morales eta Tomas Arrutik egin diete ongietorria, txalapartarekin. Eguerdia iritsi ahala gero eta motor gehiago elkartu dira plazan. 12:30ean hasi dira burrunbak: Antonio Mercero gunetik atera dira ehun gidari inguru. 85 kilometroko ibilbidea egin dute. Ikusgarriak izan dira Hipodromo Etorbideko lehenengo metroak: vespa eta lambrettak elkartu dira Harley Davidson eta antzeko motorrekin. Wheels and Waves jaialdia Hipodromora etorri da gaur. Motorzaleak errepidearen bi zentzutan. Orro egin du asfaltoak.

Zumaburuko Andapa plazara iritsiko dira rallyko parte-hartzaileak hemendik minutu gutxira. Erakusketa egingo dute han, eta gauerako indarrak berritu. Parranderoenek gaueko ordu txikietara arte luzatuko dute festa. 

Erlazionatuak

Motor hotsak ostiral gauean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 15 Gizartea