Motor hotsak ostiral gauean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 15a, 09:30

Ostiral arratsaldean elkartu dira Scooter Club Euskadik antolatutako rallyan parte hartuko duten aurreneko motorzaleak. Afalostean, osteratxo bat egin dute herrian zehar: Jaizkibel plazatik irten eta Buenetxea tabernara joan dira. Kontzertuez gozatu dute gero

Motor hotsek girotu dute ostiral gaua; vespa eta lambretten faroek argiztatu dituzte kaleak. Scooter Club Euskadik rallya antolatu du asteburu honetarako: atzo arratsaldean hasi ziren ekintzak. Jaizkibel plazara iristen hasi ziren motorzaleak, banan bana. Asteburuko egitarauan parte hartzeko izena eman zuten han. Buggy tabernan afaldu zuten gero.

Digestioa egin ostean, kaskoak eta eskularruak jantzi, motorrak piztu, eta osteratxoa egin zuten erdigunean zehar. Jaizkibel plazatik irten ziren; Zumaburu ingurura joan ziren gero; Kale Nagusia zeharkatu zuten 22:45 aldean; Tajamar biribilgunean buelta eman zuten eta Buenetxea tabernan bukatu zuten ibilbidea. Zuzeneko musika emanaldiez gozatu zuten han, eta festa gauerdira arte luzatu.

Gaurkoa izango da egun garrantzitsuena. Goizean motorrak erakutsiko dituzte Okendo plazan. 12:00etan jarriko dira martxan, eta 85 kilometroko ibilbidea egin. Arratsaldeko seietan Andapa plazan aparkatuko dituzte vespak eta lambrettak. Gauean, atzoko plana errepikatuko dute: kontzertuak eta jai giroa Buenetxean.