Lasarte-Orian hurrengo lau urteetan nork aginduko duen erabakiko dute bihar, larunbatean, udalbatzar aretoan. Maiatzaren 26an hautatutako zinegotziek haien lekua hartuko dute, eta alkatea nor izango den erabaki. Hauteskundeak irabazita, PSE-EEk Jesus Zaballos jarduneko alkatea aurkeztuko du. Baina gehiengo osorik ez du, eta gobernatu ahal izateko makulua beharko du. EH Bildu saiatu da aginte makila berreskuratzen. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Jon Martin alkategai gisa aurkeztuko dute.
Edonola ere, ia ezinezko izango du Martinek alkatetza lortzea. Azken asteetan oposizioko beste alderdiekin bildu da, EAJ eta Podemosekin, PSE-EEren alternatiba bat osatzeko. Baikor atera dira negoziazio horietatik, emaitza onak eman dituztelako. Baina Euskal Autonomia Erkidegoko diputazio eta herrietan agintzeko jeltzaleek eta sozialistek eginiko itunak kalte egingo die. "Aukerarik gabe utzi dituzte elkarrizketa horiek", adierazi du Lasarte-Oriako EH Bilduk.
Zenbakiek ez dute emango
Nolanahi ere, eta jakin arren zenbakiek ematen ez dutela, Martin aurkeztuko dute berdin-berdin alkategai. "PSOEren udal gobernuari alternatiba bat ehuntzea posible dela ikusi dugu, eta hori irudikatzeko udalbatza eratzeko bilkuran alkategaia aurkeztuko dugu".
PSE-EEk zortzi zinegotzi lortu zituen aurreko hauteskundeetan, orain lau urte baino bat gehiago. EH Bilduk lau irabazi zituen, nahiz eta bosgarrena gertu izan. EAJk hiru ordezkari izango ditu, eta Elkarrekin Podemosek bi. PPk ez du ordezkaririk izango.