"Inoiz ez ninduten modu horretan animatu"

Adrian Garcia 2019ko eka. 4a, 12:48

Azken unean dortsala egokituta, Zegama-Aizkorri mendi maratoia osatu du Xanti Trantxe herriko korrikalariak. Bero itogarria gorabehera, lasterketa txukuna egin du, 5:48 denboran.

Euskal Herriko mendi korrikalari ia guztien ametsa da: Zegama-Aizkorrin parte hartzea, eta txukun bukatzea. Xanti Trantxek lortu du balentria, dortsala "errebotez" egokitu ondoren. Lehen zozketan ez zuen zorterik izan, baina itxaron zerrendan ondo kokatuta zegoen, eta orain hilabete deitu zioten izen ematea baieztatzeko. "Esperientzia bakarra da, bizitzan behin egitekoa". Zortzi urtez zozketak bizkarra eman ondoren lortu du dortsal preziatua.


Korrikalari gutxik esan dezakete munduko maratoirik garrantzitsuenetakoan parte hartu duela, momentuko mendi lasterketetako izarrekin.
Bai. Txirrindularitza zale bati Tourraren etapa batean parte hartzeko gonbita egingo baliote bezala da. Egun berezia da Zegaman; furgonetez betetzen da, jende mordoa etortzen da kanpotik. Emozionalki oso polita da, eta fisikoki gogorra. Bero asko egin zuen, eta asko edan arren, korrikalari askok karranpekin bukatu zuten.


Leitzako ultra egin zenuen aurretik, 68 kilometroko lasterketa. Hortaz, ondo prestatuta egingo zenuen Zegamako maratoia, ezta?
Bai, burua Zegaman jarrita egin nuen Leitzako Mendi Erronka. Lanak eginak nituen; ultra bat prestatzeko orduak sartu behar dituzu.

Lasterketa asko eginak dituzu. Zegamaren antzekorik ba al dago?
Giro aldetik ikusita, ez dago horrelakorik. Ez dauka zerikusirik beste ezerekin. Aratzen, Aizkorrin... jende mordoa dago ikusten eta animatzen. Ikaragarria da nola bultzatzen duten. Inoiz ez ninduten horrela animatu. Dortsalean jartzen zuen nire izena, eta garrasi egiten zidaten, nire kuadrillako lagunak balira bezala. Bizi egin behar da, kontatzen baduzu ez dizute sinetsiko. Maldan gora min guztiak joaten zaizkizu; jendeak egindako korridore batetik pasatzen zara, Tourrean bezala.

Zaila izango da burua hotz mantentzea, gehiegi ez estutzeko animoek bultzatuta.
Noski, goraka egindako gehiegikeriak ordaindu egiten dituzu gero. Gu ez gaude ohituta horrenbeste animo jasotzera. Jendearen animoek gora eramaten zaituzte, egia da. 

5:48 ordutan egin zenuen lasterketa. Marka da, batez ere egin zuen beroa kontuan hartuta.
Oso pozik nago. Hasieran neurtzen joan nintzen, eguraldiarengatik. Aizkorri igo ondoren, azken kilometroak beheraka dira. Eta hor hasi zitzaizkidan karranpak, iskiotibialak ukituta nituen. Lauzpabost aldiz gelditu nintzen luzatzeko, baina aparteko arazorik gabe. Gozatzen jarraitu nuen, nahiz eta gehiegi ez estutu. 

Zein izan da zuretzat lasterketako unerik politena?
Asko daude, ezingo nuke bat aukeratu. Aratzen Lasarteko jendea bazegoen; asko harritu ziren ni ikustean, ez baitzekiten dortsala nuenik. Aizkorriko Sancti Spiritu pasa eta gero, lehendabiziko maldan ikaragarria da nola dagoen jendea, builaka. Baita Aizkorriko azken zatian ere. Urbian ere eguraldi ederra egiten zuen; ikusle asko elkartu ziren. Boluntarioen lana aipatzekoa da; hor ibiltzen dira, ura botatzen eta dena garbitzen...

 

Erlazionatuak

Gazteak ere, Zegaman ate joka

Adrian Garcia 2019 eka 04 Kirola