Modu asko daude euskararen alde egiteko. Egun hauetan hizkuntzarekiko atxikimendua erakutsi dute milaka herritarrek, Euskal Herriko errepideetan korri egiten eta lekukoa eskuz eskuz pasatzen. Baina beste dimentsio bat ere hartu du Korrikak, birtualagoa. Sarean euskararen presentzia indartzeko, eta bide batez, Lasarte-Oriarena, tresna oso aproposa da Wikipedia entziklopedia askea. Helburu horrekin lehen ikastaroa eman du Iñaki Lopez de Luzuriaga ekintzaileak (Gasteiz, 1973).
Nola joan da edukiak lizentzia librean partekatzeko lehen ikastaroa? Dozena erdi bat bildu zineten.
Gustura aritu ginen, eta jendea gogoz dago jarraitzeko. Egia esatearren, hastapena besterik ez da izan. Oinarrizkoena ikasi dugu: argazki bat igotzea Wikimedia Commonsera. Asmoa da bigarren tailer bat antolatzea, Korrika eta gero sortutako edukiak, bideoak eta besteak igotzeko.
Korrika abiapuntu gisa hartu duzu, baina azken helburua Lasarte-Oriaren izena mundu digitalean zabaltzea izango litzateke, ezta?
Beste herrietan ere egin izan dute. Donostian, adibidez. Iurretapedia ere egin zuten, Durangotik banandu ziren urteurrenean.
Zein da Wikipediaren funtsa? Ezagutza denon eskura jarri nahi duzue?
Izaera kolaboratiboa du, hau da, denon artean informazioa osatzea da funtsa. Wiki hitzak hori esan nahi du, askoren artean egiten den zerbait da. Gero eduki horrek guztiak jendearengana iritsi behar du, norberaren hizkuntzan. Badaude baldintza batzuk, jarraitu beharreko arautxo batzuk: ezin da norberaren ikerketa argitaratu, dagoeneko dauden datuetan oinarritu behar da, autoritatea duen dokumentu batean...
Lizentzia librearen pean lan egiten duzue.
Copyright arazo handiak daude egun, ezin da Internetetik edozein gauza hartu gero erabiltzeko. Lizentzia askeak ematen dio aukera edonori, munduko edozein txokotatik, baimenik eskatu gabe erabili ahal izateko edukia, betiere aipatzen badu nork egin duen jatorrizko artxibo hori.
Wikipedia bada ezaguna, baina horren barruan badaude beharbada ezezagunagoak diren atalak.
Jatorrizko proiektua zen Wikipedia, ingelesez. Gero beste hizkuntza askotara hasi zen zabaltzen. Baina hori hornitzeko beharra ikusi zen, beste biltegi espezializatuagoak sortzeko, behar espezifikoagoak zituztenak. Esaterako, Wikiteka-k testu askeak gordetzen ditu, euskarari buruzkoak. Adibidez, hor dago 1931ko Lizarrako estatutua. Normalean testu zaharrak dira, agiri zaharrak; ez dute copyrightik.
Argazkietarako ere biltegi bat badago.
Commons da, Wikipediaren ondoren agian erabiliena. Azken batean, argazkiak, mapak, bideoak eta grafikoak dira.
Hizkuntza gutxituen aldetik, garrantzitsua da Wikipedia, sarean presentzia indartzen duelako.
Halaxe da. Wikipedian 300 bat hizkuntza daude, eta euskara 29. tokian dago artikulu kopuruaren aldetik. Besterik da zenbat erabiltzen den. Hizkuntza gutxituen artean katalanak daude lehen postuan, baina euskara oso ondo dago sailkapen horretan. Danimarkarraren, turkiarraren eta estoniarraren aurretik dago euskara, estatu bat atzetik duten hizkuntza baten aurretik, alegia.
Zalantzan jarri izan da Wikipediaren fidagarritasuna, edonork duelako edukiak moldatzeko aukera.
Bai, edonork du aukera horretarako, baina norbaitek gezur oso nabarmen bat jartzen badu, gutxi iraungo du, kontrola badagoelako. Agian egon daiteke hutsegiteren bat, baina gauza sinesgaitz bat jarriz gero, segituan kenduko dute.
Euskal Wikilarien Elkartea sortu zenuten orain urte batzuk.
Oso sakabanatuta zeuden wikilariak, eta elkartzeko beharra ikusi zen. Orain hiru urte sortu zen Euskal Wikilarien Kultur Elkartea, ordezkaritza bat ezartzeko Wikipedian, euskarari dagozkion kontuetan koordinatzeko. Elkartekoa izan gabe ere lasai-lasai egin ditzakezu gauzak euskal Wikipedian.
Alde horretatik, hizkuntza gutxituen ekintzaileak biltzen al zarete batera indarra egiteko?
Gauza bat da gure presentzia fisikoa, eta beste bat gure itzala unibertso digitalean. Hor egotea ere garrantzitsua da, batez ere hizkuntza gutxituentzako. Eta horretan saiatzen gara. Halere, desberdindu beharra dago; Europako hizkuntza gutxituen testuingurua ez da berdina beste askorekin alderatuta. Batzuek alfabetorik ere ez dute, ezta hizkuntza estandarizaturik ere. Alde horretatik, euskararen Wikipediaren proiektua oso indartsu dago. Galeskoak oso interesatuta daude guk egiten dugunarekin. Ona da biltzea, ideiak partekatu eta inspirazioa bilatzeko.
Hezkuntza proiektua egin duzue asteburuan, Donostiako Tabakaleran. Konferentzia handia izan da. Zer landu duzue?
Oso proiektu indartsua da; Eusko Jaurlaritzaren babesa ere izan du. Wikipedia hezkuntzarako bitarteko gisa erabiltzeko proposatu da. Laburbilduz, ikasleek irakasleari aurkezten dizkioten lantxo horiek zuzenean Wikipediara igotzea. Balio handia dauka. Lana egitearekin batera ikasten duzunaz gainera, kolaboratzen ere ikasten da, mundu digitalean aritzen eta testuak atalka aurkezten.