Zabalak brontzea eskuratu du Mundialean

Nerea Eizagirre 2019ko api. 9a, 12:15
Lorena Zabalak eta Espainiako selekzioak brontzeko domina eskuratu dute. Arg.: Espainiak Selekzioa

Mundiala ederki hasi zuten arren, Espainiako izotz-hockey taldeak bi partida galdu eta azken partidan brontzezko dominarengatik borrokatu zuen. Lorena Zabalak ez du atsedenik izango, Sumendi taldeak Erreginaren Kopako finalerdia jokatuko du Txuri Urdinen aurka asteburu honetan

Espainiako izotz-hockey taldeak hirugarren postuan amaitu dut II mailako A taldeko Mundiala. Nahiz eta mailan jokatzen zuen lehen aldia izan, taldeak domina eskuratzea zuen buruan eta ederki borrokatu da. Lehen partidetan Eslovenia eta Mexiko garaitu zuten eta lehenak zeuden sailkapenean. Ipar Korea eta Britainia Handiaren aurkako partidetan, ordea, ez zen zorterik izan eta azken partidan, Australiaren aurka lortutako garaipen eta puntuek brontzezko postua eman dio taldeari.

Mexikoren aurka partida ederra egin ostean, Ipar Korea izan zuen arerio Espainiak. Taldeak lan ederra egin zuen lehen minutuetatik, markagailuan aurreratu zen. Ostean, arerioaren atera itxi zen behin baino geahigota, baina ez zuen zorterik izan. Korearrek berdinketa lortu zuten bigarren zatian. Horrek hirugarren zatian indarrak eman zizkion arerioari eta Lorena Zabalak eta bere kideek ezin izan zuten golik egin. Luzapenean Espainiak nagusi izan zen arren, penaltietan erabaki behar izan zen irabazlea. Korearrek zortea alde izan zuten eta 2-1 irabazi zuten.

Igandean, Britainia Handiaren aurka gogoz atera ziren Espainiako jokalariak eta aurreko partidaren antzera, markagailuan aurre hartu zuten lehenik. Britainia Handiak berdinketa lortu zuen bigarren zatian; hirugarrenean, aldiz, erritmoa handitu eta hiru gol egin zituen. Espainiak ezin izan zuen  intentsitatea mantendu eta garaipena erdietsi zuten ingelesek.

Bi porrot hauek sailkapeneko lehen postuetatik jaitsiarazi zuten Espainia eta azken partidan, Australiari gailenduz brontzezko domina irabazi ahal zuen. Harry Rosenholtz-ren neskek ez zuten huts egin eta 2-3 gailendu ziren. 

Partida ez zen ongi hasi. Espainiak ez zuen arerioaren jokoa ongi irakurri eta Australia aurreratu zen markagailuan. Bigarren zatian, ordea, martxa hartzen joan zen taldea eta berdinketa lortu zuen Espainiak. Azken zatian, nagusi izan zen eta hiru gol egin zituzten. Horietako bat ez zen markagailura igo epaileek baliogabetu zutelako.

Erreginaren kopa

Lorena Zabala herritarra pozik agertu da Mundialean lortutako postuarekin eta egindako lanarekin. Baina orain Erreginaren kopako final erdia du buruan lasarteoriatarrak. Txuri Urdinen aurkako partida jokatu behar du Sumendik asteburuan eta Ligako arantza kendu nahi dute. Donostiako taldeak Ligako finalean egotea galarazi zien eta Ligako hirugarren izan da Gasteizko taldea.  

Erlazionatuak

Zabalak bitik bi garaipen Mundialean

Nerea Eizagirre 2019 api 05 Kirola