2018. urtean Espainiako izotz-hockey Selekzioa II. mailako B taldeko irabazlea izan zen. Bere taldeko partida guztiak irabazi eta II. mailako A mailara igoera lortu zuen. Astelehenera arte, maila berri horretako Mundiala jokatuko dute Dumfriesen, Eskozian, eta bertan Lorena Zabala lasarteoriatarra dago.
Herritarrarentzat denboraldi osoan egindako lanaren fruitu da txapelketa horretan parte hartzea. Duela hiru urtetik hona, Gasteizko Sumendi taldean jokatzen du lasarteoriatarrak, eta aurten Iberdrola Liga hirugarren postuan amaitu du, Donostiako Txuri Urdin taldearen aurka finalerdia galdu ostean. Hilaren 13an, Espainiako kopako finalerdian arantzatxoa kentzeko aukera izango dute gasteiztarrek.
Aurretik, Espainiako Selekzioarekin nazioarteko lehiaketa jokatuko du Zabalak. Astelehenera arte, Eslovenia, Mexiko, Britainia Handia, Ipar Korea eta Australiako jokalariak izango ditu aurrez aurre. "Aurten igo gara A mailara. Maila mantentzea da helburua, baina domina bat lortzea ere badugu buruan", aitortu du Zabalak. Ez dute lan erraza izango, "talde indartsuak eta ongi osatuak" baitira guztiak. "Baina gogor egin dugu lan haien mailara jartzeko. Buruz burukoak zailak izango diren arren, aukerak ditugu. Horregatik da zirraragarria".
Erresuma Batua da txapelketako "faboritoa", Zabalaren hitzetan. "Gizonezko 20 urtez azpiko Ligako taldeekin egiten dituzte prestaketa lanak urte osoan zehar. Maila eta intentsitate handiko liga da, eta hori du Britainia Handiko taldeak aldeko".
"Mundialeko buruz burukoak zailak izango diren arren, aukerak ditugu. zirraragarria da"
Hasiera ona
Txapelketa asteartean hasi zen. Lehen partida Espainia eta Esloveniaren arteko buruz burukoa izan zen. Partida gogorra eta borrokatua izan zen. Espainiako entrenatzaile den Harry Rosenholtz-en taldeak garaipena erdietsi zuen penaltietan. "Lehen partida zen. Urduri eta gogotsu ginen. Guk dugun guztia emateko prest etorri gara, eta lehen partida horretan erakutsi dugu. Penaltitara iritsi ginen eta bertan lortu genuen garaipena", adierazi du herritarrak.
Lehen zatia hutsean amaitu ostean, Espainiak 24. minutuan lortu zuen markagailuan aurreratzea. Bi taldeek gogor jardun zuten, eta bigarren atsedenaldirako lau minutu falta zirela, Esloveniak berdinketa lortu, eta hortik bi minutura, bigarren gola ere egin zuen.
Aurka hasi arren, Espainiak hirugarren zatiko 20 minutuak zituen aurretik, eta garaipena zuen buruan. 43 minutuan berdinketa lortu zuen, eta 47an hirugarren gola egin zuen. Esloveniak, ordea, ez zuen amore eman, eta bi minututara berdinketa lortu zuen. Bi taldeak garaipenaren gola lortzeko borrokatu ziren, baina luzapenera joan behar izan zuten. Bost minutuko luzapenean ere ez zen golik egon. Penaltietan erabaki zen guztia eta selekzioko atezainaren lana erabakigarria izan zen. Esloveniarrek ezin izan zuten atea zulatu; Espainiak aldiz, gola egin zuen lehen penaltian.
Atzo arratsaldean Mexiko izan zuten arerio eta 0-2 gailendu zen Espainia. "Talde gogorra da. Aurrez beste txapelketa batean irabazi dugun arren, %100 eman eta puck bakoitza borrokatu beharko dugu," aurreratu du lasarteoriatarrak.
Partida hasieratik erasoan atera zen Espainia eta saria izan zuen bigarren minutuan. Mexikarrek defentsa ederra egin behar izan zuten eta gutxitan hurbildu ziren arerioaren gunera. Bi taldeak behin eta berriro saiatu arren, puckak ez zuen ez bata ez besteen atean sartu nahi izan. Bigarren zatia amaitzeko lau minutu falta zirela, Espainiak partida erabaki zuen bigarren gola eginez. Hirugarren zatian, Espainia nagusi izan zen, baina atea iristerakoan ez zen zorterik izan.
Lorena Zabala pozik agertu da taldeak egindako lanarekin, "partida ederra egin genuen".
Gaur Ipar Korea izango dute aurrez aurre. "Hasiera bikaina izan da. Partidaz partida joan behar dugu. Egunero puntuak gehitzen joan behar dugu", esan du Zabalak.