21. Korrika

Bertso musikatuak eta antzerkia, berotzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko api. 7a, 21:34

Umore ona eta txantxa ugari izan dira bertsolarien artean.

Astebete baino gutxiago falta da 21. Korrika Lasarte-Oriara iristeko. Motorrak berotze aldera, Korrika Kulturala egiten ari da Muntteri-AEK euskaltegia. 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatuaz eta 'Liluraren laborategia' haurrentzako antzerkiaz gozatu dute lasarteoriatarrek asteburuan

Ez da kasualitatea Ttakunenea txiki geratu izana gaur arratsaldean. Lasarteoriatarrak irrikitan daude 21. Korrika iristeko, eta, beroketa ariketak bertso musikatuak entzun bitartean egiteko aukera badute, zer esanik ez. Saio bikaina eskaini dute Ane Labaka, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Alaia Martin bertsolariek. Amaia Agirre arduratu da gaiak jartzeaz. Instrumentuekin Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi aritu dira. 

Protagonisten aurkezpena berezia izan da. Bertso Eskolako ikasleak arduratu dira ikus-entzuleei informazioa emateaz; koplaka, jakina. Arratsaldeko lehenengo txalo zaparrada eta gero hasi dira bertsolariak lanean. Alaia Martin eta Miren Artetxe aritu dira aurrena. Euskaltzale amorratuak biak, abertzaleak, baina euskaraz hitz egiten ez dakitenak. Albistegian ikusi dute mundu erdiko euskal etxeetan 21. Korrika ospatzen ari direla; Martini ez zaio askorik inporta, baina Artetxek ikusi egin nahi du erreportajea. 

Ondoren, Miren Amuriza eta Ane Labakaren txanda. Labaka Indian jaiotako neska gazte bat da; Amuriza, berriz, Euskal Herrikoa. Duela egun batzuk ezagutu dute elkar. Emakume indiarrarentzat oso erakargarriak dira euskaldunaren ezaugarri fisiko batzuk: azal zuria eta begi argiak. Eta alderantziz: bataren kolore iluneko azal eta begiak fantasia iturri dira bestearentzat. Elkarrekin afaldu, goxo-goxo hitz egin eta ohean bukatu dute. Hasi dira xirrika, muxuka, euskal herritarra indiarraren alura iritsi den arte. Hor eskatu dio gelditzeko indiarrak. 

Orain arte aipatutako eta antzeko gaiekin aritu dira bertsolariak kantuan eta imajinazioarekin jolasean. Beste ariketa bat: bakoitzaren txikitako argazki bana ikusi eta asmatu behar izan dute nor den nor.

Liluraren laborategian esperimentatzen

Haurrek primeran pasa zuten atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. Sun Mago bihurriak hamaika magia trikimailu oholtzaratu zituen, ikus-entzule gaztetxoen harridurarako. Magoaren lagunak publikoaren eserlekuetara jaitsi eta bolondres batzuk gonbidatu zituzten eurekin jolastera. 

21. Korrika apirilaren 12an iritsiko da herrira, ostirala. 15:33an jasoko du lekukoa Ttakun Kultur Elkarteak Zubieta bidean. Hamabost kilometro erdi egingo dituzte hogei eragilek. Korrika Txikia ere egun horretan izango da; goizeko hamaiketan hasiko da.

Ostiraleko egitaraua

Muntteri-AEK euskaltegiak egitarau zabala prestatu du ostiral honetarako. Korrika Txikia izango da eguneko aurreneko ekintza. 11:00etan hasiko da lasterketa; herriko ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute. Eguerdiko hamabietan, Okendo plazan, ikastetxeetako guraso elkarteek azken asteetan sortu duten koreografia erakutsiko dute. Bertatik mugitu gabe, goizean erabilitako indarrak berritzeko, makarroi-jana egingo dute.

21. Korrika 15:33an iritsiko da Lasarte-Oriara. Ordu erdi lehenago hasiko da herria girotzen Oaintxe in deu! txaranga. Arratsaldean ere ibiliko dira herrian zehar. Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak 17:30ean hasiko dira emanaldiak eskaintzen. Okendon abiatu eta herritik mugituko dira gero. Ordu berean herri kiroletan jokatzeko aukera eskainiko du Ostadarrek, plaza horretan. Xumela koruko kideak 18:00etan hasiko dira abesten.

Festa giroak iluntzera arte jarraituko du. Egun osoan bezala, Okendo izango da ekitaldien erdigune. Ttirriki Ttarraka musika eskolak erromeria eskainiko du 18:45ean. 20:00etan pintxo-afaria hasiko da; Euskaraldiko hamaikakoak girotuko du, Udal Musika Eskolako hainbat kiderekin batera. 21:30ean bertsolariak ariko dira. Ordu erdi beranduago, gustura barre egiteko aukera: esketxa eskainiko dute Bea Egizabalek eta Intza Alkainek. Ramoni eta Loitzuneren rolak hartuta, Korrikak iraun bitartean hainbat bideo ari dira grabatzen Berria egunkariarekin. Egunari parranda giroa emango diote Sorgin Jaiek: DJ Ixter ariko da plaza girotzen, eta, animatzen diren lasarteoriatarrek karaokean kantatu ahalko dute.

Erlazionatuak

Bertso Eskolako hainbat ikasle, kantuan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 07 Euskara

Alaia Martin eta Miren Artetxe, bertsotan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 07 Euskara

Miren Amuriza eta Ane Labaka, koplaka

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 07 Euskara

Lasarte-Oria, 'Klika' egiteko prest

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 05 Euskara