Euskal Herria hasi da Klika egiten. Atzo abiatu zen 21. Korrika, Garestik (Nafarroa). Zangoza aldean dabiltza hainbat zoro zoragarri uneotan, lekukoa eskuz esku pasatzen eta euskararen aldeko aldarriak lau haizetara zabaltzen. Astebete barru biziko dituzte sentipen horiek lasarteoriatarrek: 15:33an ailegatuko da ikurrinadun testigua Zubieta bidetik. Egun handi horretan ezustekorik egon ez dadin, herritarrak hasi dira beroketa ariketak egiten eta giharrak luzatzen. Muntteri-AEK euskaltegiak antolatuta, ekitaldia aurkeztu dute gaur arratsaldean, kultur etxean. Hogei eragilek —ikastetxeak eta elkarte gastronomikoak talde bezala kontatuta— 15 kilometro erdi egingo dituzte. Apirilaren 12an izango da Korrika Txikia ere, goizeko hamaiketan.
Musikak girotu du aurkezpen ekitaldiaren hasiera. Dinbi Banda batukada taldeak markatu du aretora sartzeko erritmoa. Barruan, berriz, pianoa, gitarrak eta ahotsa. Xumela koruak ere abestu du, irrintzi eta guzti. Ondoren, Erketz EDTko bost dantzari igo dira oholtza gainera, agurra dantzatzera. Duela bi urteko Korrika gogoratu dute horren ostean ikus-entzuleek, gaztetxoen zein nagusien lasterkaldien bideoekin. Antolatzaileek aurtengo Korrikako jantziak erakutsi dituzte: hainbat modelok desfilatu dute auditorioan zehar, eta oholtzara igo dira gero. Ekitaldia bukatutakoan makina bat herritarrek erosi dituzte kamisetak, jertseak eta beste hamaika gauza. Gorputza mugitzeko tarterik ere izan da: Korrikaren egunean dantzatzeko koreografia bat prestatu dute herriko ikastetxeetako guraso elkarteetako hainbat kidek. Erik Arzallus arduratu da ekitaldia aurkezteaz.
Dortsalak banatzen
Hogei eragilek beteko dute 21. Korrikak Lasarte-Orian egingo duen ibilbidea. Banan bana igo dira taula gainera, dortsalak jasotzera. Arzallusek denak aipatu dituenean, talde argazkia atera dute. Hona hemen parte-hartzaileen zerrenda:
- 0 kilometroa: Ttakun Kultur Elkartea (Zubieta bidean hartuko du lekukoa)
- 1 kilometroa: Erketz EDT eta Ostadar SKT (Hipodromoko zubia)
- 2 kilometroa: Muntteri-AEK euskaltegia (Tajamar biribilgune ingurua)
- 3 kilometroa: EAGI (Manuel Lekuona kultur etxea)
- 4 kilometroa: Aterpea (Lanbidek Atsobakar auzoan daukan bulegoa)
- 5 kilometroa: Zabaleta Auzolan (Atsobakarreko biribilgunea)
- 6 kilometroa: LAB sindikatua (Zabaleta bideko autobus geltokia)
- 7 kilometroa: ikastetxeetako guraso elkarteak (Zabaleta auzoa)
- 8 kilometroa: ikastetxeak (Oriarte institutua, Larrekoetxe eraikina)
- 9 kilometroa: TSST (Aralar plaza, Xirimiri elkarte parean)
- 10 kilometroa: Sorgin Jaiak eta Xumela korua (Ola kalea)
- 11 kilometroa: Argia eta Antza inprimategia (Kale Nagusia)
- 12 kilometroa: Lasarte-Oriako Udala (Kale Nagusia)
- 13 kilometroa: Kukuka eta Katxiporreta (Kale Nagusia)
- 14 kilometroa: herriko elkarte gastronomikoak (Donostia etorbidea)
- 15 kilometroa: EH Bildu (Goiegi jatetxea zenaren ondoko biribilgunea)
Garestik Gasteizera, 2.560 kilometro
Hamar eguneko lasterkaldia izango da aurtengoa. Apirilaren 14an bukatuko da, eguerdi partean, Gasteizen. Euskal Herriko beste hiriburu batzuk ere zeharkatuko ditu asteburuan: bihar, 19:00etan, Iruñera iritsiko da lekukoa; etzi, goizaldean, Donibane Garazira aurrena, eta Maulera gero; Baionara ere etzi, 17:52an.
Datorren asteko astelehenean sartuko da euskararen aldeko lasterketa Gipuzkoan; Irunek hartuko du testigua 00:42an. Ordu batzuk barru Nafarroara itzuliko da. Bizkaiara iritsi eta pare bat egun bertako hiri eta herrietan ibili ostean, Bilbo hiriburura ailegatuko da, 11:52an. Apirilaren 12an, ostirala, Gipuzkoara berriro: Lasarte-Oriatik 15:33ean pasa ostean, ordubete beranduago jasoko du lekukoa Donostiak.
Klika da aurtengo Korrikaren leloa. Hitz hori zuzenduta dago norbanakoei —euskararen aldeko jokabideak har ditzaten— eta eragileei —euskaraz bizi ahal izateko bideak ireki eta sendotu ditzaten—. Bestela esanda, Klika egitea da euskara aukeratzea eta hizkuntzak bizi duen garai berrira batzea. Lasarte-Oria prest dago Klika egiteko.