"Erronka kolektibo batean sartuta gaude"

Maitane Aldanondo 2019ko mar. 27a, 15:53

Atontzen ari diren estatutu berriaren zirriborroak oinarri du erabakitzeko eskubidea eta gizarte eskubideetan sakontzea. Edukia azaldu eta ekar ditzakeen aukeren inguruan mintzatuko da, argi du haiek gauzatzeko gizartearen babesa ezinbestekoa dela

Iñigo Urrutia Libarona (Maruri-Jatabe, 1966) aurkezteko hainbat gauza aipatu behar dira. Zuzenbidean doktorea da, EHUko irakaslea, bertako Aldezle –unibertsitateko kide guztien defendatzailea–, Gure Esku Dago herri ekimeneko kidea eta Estatutu berriaren testua osatzen ari diren bost adituetako bat. Azken zeregin horretan egiten ari diren lanaren inguruko zenbait azalpen emango dizkie lasarteoriatarrei, hilaren 30ean, Oriarte institutuan, 11:00etan.

Autogobernu taldeko adituetako bat zara. Zein da zuen zeregina?

Legebiltzarrean iazko uztailean oinarri batzuk onartu zituzten autogobernua berriztatzeko. Ondoren, bost jurista izendatu zituen Legebiltzarrak bizkarrezur hori gorpuzteko, testu juridiko bilakatzeko. Parte hartzeko ohorea dut eta horretan gabiltza.

Udarako prest eduki behar duzue. Zein puntutan dago zirriborroa?
Mandatua hori da. Egia da hauteskunde giroak gauzak apur bat nahastu egin dituela, baina, hala ere, oraindik ez da inolako luzapenik eskatu. Beraz, gure horizontea aurtengo uztaila da.

Proposatuko duzuen estatus politiko berriak zein ardatz izango ditu?
Modu orokorrean esan daiteke testuak autogobernu berri baterako bide ematen duela. Ezaugarri nagusietako bat du espainiar estatuarekiko alde biko harreman bat sortu nahi dela. Hau da, estatutik estaturako harreman bat; konfederazio modukoa. Hiru probintziek modu konfederatuan egingo lukete Estatuarekin hartu-emana. Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko harreman berezia izateko aukera ere jasotzen du. Euskal subjektu politiko bat sortze aldera bideak ematen ditu.

Horrez gain, gizarte ikuspegitik ere aurrerapausoak dakartza.
Eskubideei begira jauzi kualitatibo bat egin nahi da, asko sakontzen du. Ikuspegi sozialetik testu aurrerakoia da eta gizarte itun berri baterako borondate argia erakusten du. Gernikako Estatutuak edo Nafarroako Amejoramenduak eskubide zerrendarik ez dute; baina honek hainbat eskubideren aitortza dakar. Batzuk Espainiako legediak, nazioarteko testuek... onartuak izan dira; baina honek jaso eta zenbaiti konfigurazio berri bat ematen die. Gizarte eskubideak asko zabaltzen ditu. Ingurumenari lotuta, zerbitzu sozialak, etxebizitza izatea... eskubide subjektibo bezala planteatzen dira eta horrek dakar botere publikoek beharra izango dutela horiek bermatzeko. Toki berezia hartzen dute emakumeen eskubideek, orain arte erabat zokoratuak izan direnak.

Erabakitzeko eskubideak zer tarte du horretan guztian?
Autogobernurako urrats berri hau erabakitzeko eskubidean oinarritzen da. Eskubideen artean funtsezko eskubide bezala hartzen da, ia atal guztietan agertzen den zerbait da. Testua behin eginda Legebiltzarrera eraman beharko da berriro, eta ondoren, galdeketa bat egingo da hiru probintzietan harreman berri horrekin gizartea konforme dagoen jakiteko. Interesgarria da nabarmentzea ez dela autonomismo gehiago, baizik eta bestelako harreman bat, konfederala eta erabakitzeko eskubidean oinarritua.

Independentziari ateak ixten al dizkio?
Honek ez du mugatzen urrats sendoagoak egitea eta etorkizunean, adibidez, independentzia estatus bat lortzea. Independentziarako saltoa ez da egiten zuzenean, bitarteko geldialdi baten bitartez baizik.

Egungo testuinguruan, juridikoki egingarria al da?
Muga juridiko argiak daude. Ikusi da estatu espainiarrak zer nolako jarrera izan duen Kataluniako prozesuarekiko; baina, hala ere, ezin dugu ulertu hori jarrera normala denik, erabat antidemokratikoa da. Dagokiguna da demokrazian sakontzea, esatea, batetik, hori ez dela giza eskubideekin bateragarria; eta bestetik, erabakitzeko eskubidea gauzatzen dela erabakiz, eta horretara goazela.

"Badakigu ez dela bide erraza izango, baina zailtasunei aurre egiteko jaioak gara"

Zer rol joka dezakete herritarrek bide horretan?
Bi hitzetan, Euskal Herriak bere orokortasunean jauzi bat egin behar du, eta hori egiteko gizartearen inplikazioa funtsezkoa da. Badakigu ez dela bide erraza izango, baina zailtasunei aurre egiteko jaioak gara eta demokraziaren alde egotea, eskubideen alde egotea da. Eraldaketak nahi baditugu, bultza egin behar da; erronka kolektibo batean sartuta gaude, horrek ere bide emango dio gure demokratizazioari.

Gure Esku Dagok urteotan piztu nahi izan du estatus politikoaren inguruko eztabaida. Helburu hori lortu duzuela uste al duzu?
Bai. Sinetsita gaude Gure Esku Dagoren azken bost urteotako lanik gabe gaur egun esku artean ditugun oinarri hauek ez liratekeela egongo. Hor ikusi da gizarteak funtsezko rola bete duela erabakitzeko eskubidea maila guztietara zabaltzeko. Hainbat sektoretan erabakiak bertan hartzeko gaitasuna aldarrikatzen da, gai sektorialetan, gazteak, jubilatuak, emakumeak... Maila politikoan gauza bera. Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea funtsezko eskubidetzat hartzen da eta momentu honetan ez du inork ere zalantzan jartzen.

Kontrola berreskuratu, nolabait?
Badirudi orain arte demokrazia edo erabakitzeko eskubidea beste batzuen esku egon dela, desjabetu egin digutela. Funtsezko erabakiak gure gizartetik at hartzen dira. Gizarteak dagokion erabakitzeko eskubidea berreskuratu egin behar du eta horretarako tresnak ematen dizkigu estatus berri honek. Erabakitzea, gainera, gai guztietan.

Egun gutxi barru, hilaren 31n, ezagutaraziko duzue mugimenduaren ildo berria. Zer aurrera dezakezu?
Estatus aldaketarako tresna eraginkorrak eskatzera zuzenduko du indarra. Helburu argi bat agertzen zaigu hor: Erreferendum bat egitea erabakitze esparru bakoitzean. Horretara bideratu behar ditugu esfortzuak, eta gizartea hori bultzatzearen alde dagoela argi erakutsi digute mobilizaziek.

Ez dirudi gauzatzen erraza.
Badakigu zailtasunez betetako bide bat izango dugula; baina horiei aurre egiteko jaiotako gizarte batean bizi gara, Historiak hori erakusten digu. Une honetan dagokigu bide hori jarraitu eta irribarretsu zailtasunei aurre egitea; jakinda erreferenduma mugatu nahi bada, demokrazia mugatzen dela. Gu demokrazia zabaltzearen aldekoak gara, beraz, arrazoia badugu eta aurrera egin behar dugu. Honaino heldu gara gizarteak bultza egin duelako eta hemendik zerbait ateratzekotan, izango da gizartea gainean dagoelako eta bere arnasa politikoek ere somatzen dutelako kokotean. Bestela, zaila izango da.