Adsis mugimendu erlijiosoak herrialde garatu eta ez garatuetan lan egiten du gizarte alorrean. Bere ardatzeko bat, gazteak dira eta gazteekin sentsibilizazio lana egiten du. Hegoameriketan hainbat proiektu martxan jarri ostean, mugimenduak Afrika zuen jo muga eta duela hiru urtetik hona, Togoko hiriburuan, Lomen hezkuntza proiektu bat ari dira gauzatzen. Lasarte-Orian bizi den Carmen Alba (Bilbo, 1965) da proiektu horren arduradunetako bat eta azken hiru urtetan Togora joan da udan.
Adsisek Afrikan lan egiten duten beste mugimendu erlijioso eta elkarte batekin harremanak egin ostean, Togon lan egiteko aukera suertatu zitzaien. "Afrikak behar handia du. Marianistekin harremanetan jarri ginen haien iritzia jakiteko. Urte asko daramatzate Afrikako hainbat herrialdeetan lan egiten. Togo proposatu ziguten, herrialde adiskidetsua delako. Beste herrialde batetara salto egitea, arriskutsua izango litzateke, biolentzia, egoera politiko ezegonkorrak… Marianistek gainera, Lome hiriburuan gazteentzako etxe bat dute. Togoko herrixka batera joan ahal ginen, baina Afrikan gure lehen esperientzia izanik, gauzak ongi aztertu eta babes bat bilatu behar genuen".
Duela hiru urte joan zen lehenengoz Alba Togora, hamalau gazterekin batera, egoera ezagutu eta harremanak egitera. Marianisten laguntza izan zuten eta aisia kanpamentuak antolatzea eskatu zieten. "Ez genuen espero, 300 bat gazte eta haur bildu ziren. Gainezka egin zigun. Baina oso interesgarria izan zen. Nik etxera deitzen nuenean, begiek min egiten zidatela esan ohi nuen, begiek ez zidaten hainbeste ikustea ahalbidetzen. Eta hori hiriburua izanik. Afrikak gaindi egiten du".
Lehen esperientzi horrek proiektuaren ardatzak zehazteko balio izan zien eta bi arlotan lagundu behar zutela ikusi zuten.
Batetik, eskola-laguntzan. Marianistekin batera talde bat sortu dute, non unibertsitateko gazteek haien anai-arrebei, auzokideei edo ezezagunei laguntza eskolak ematen dizkieten. "Oraintxe 100 gazte baino gehiago daude inguru hauetan eta jarraipena egiten zaie, ez bakarrik eskola laguntza saioetan, baita familietan ere".
Unibertsitatean jarri zuten beste jomuga. Hasieran, ez zuten oso argi nola egin. "Gure joan eta etorrien datengatik ezin genuen ezer egin. Udan goaz, ikasturtea amaitua dagoenean". Baina beste mugimendu erlijioso baten harrera etxea edo foyer-a ezagutu zuten. "IMEI mugimenduak horrelako etxe bat du. 20 urte dira horretan lan egiten dutena. Eta haien estiloa bat zetorren guk nahi genuenarekin. Iparraldetik unibertsitatera ikastera doazen neska eta mutilentzat harrera etxea".
Herria garatzearen alde
Azken urte honetan harrera etxea prestatu eta lehen gazteak hartu dituzte. "Alokairuko etxe batean hasi ginen, eta orain, Kanadan bizi den familia bati esker, lekuz aldatuko gara. Gure ideia gustatu zaie eta Lomen utzita duten etxea, alokairu txiki baten truke utziko digute. Haiek ere Togoko gazteak bertan ikasi eta herria garatzearen aldekoak dira".
Oraingoz, lau mutil dituzte. Gazte hauek Togo iparraldetik datoz eta umezurtzak dira. "Iparraldea eremurik txiroena da. Gazteak familiek daukaten diru guztiarekin datoz hiriburura. Baina Lomen bizitzea, etxe bat aurkitzea, jatekoa izatea... zaila da. Horri guztiari, unibertsitateko matrikula gehitu behar zaio eta ikasketa mailan ez jaistea. Izan ere, gobernuak laguntzak ematen dizkie gazteei, baina gairen bat ez gaindituz gero, kalean geratzen dira".
Gazteek haien gastu guztiak ordainduta dituzte harrera etxean dauden bitartean. "Gakoa da, guk ematen dieguna, haiek ere edonola eskaini behar diotela auzoari. Etxeak ateak irekita izatea nahi dugu. Lorategi polita dugu etxe berrian eta bertan auzoko gazteekin tailerrak eta ekintzak egiteko aukera izango dugu".
Harrera etxea, gainera, bertako jendearen eskuetan egongo da. "Guk ekonomikoki lagunduko dugu, baina bertako jendea izango da horren kargu. Guk ez dugu bertan bizi nahi, lagundu nahi diegu. Guk baliabideak emango dizkiegu bakarrik ibiltzeko. Sostengarria izatea da helburua. Haiek guztiaren gain hartzea".
Horretarako, Togoko bi pertsonek hartu dute etxearen zuzendaritza. "Hezkuntza mailako jarraipena Sylvainek egiten du eta etxeko eginkizunak Inmaculek daramatza. Sylvainek ekonomia ikasketak bukatu berri ditu. Iaz Gurutze Gorriarekin eta IMEIekin foyer bat nola eraman ikasi zuen. Gure laguntzarekin, master bat egiten ari da eta hori amaitzean, lana aurkitzen badu, beste gazte batek hartuko du bere lekua. Postu hori zirkularra izatea nahi dugu. Inmacule, berriz, ezkondu gabeko emakumea da eta haurrik ez du. Hori ez da oso ohikoa. Berarentzat salto bat da, gurasoen etxetik atera eta ekonomikoki independente izango da".
Eta ekonomia zirkularra martxan jarri nahi dute. Hau da, etxea sostengatzeko dirua haiek lortzea, ez daitezela hemengo diruaren menpe egon. Proiektua aurrera eramateko laguntza gutxi batzuk jasotzen dituzte. Gehiena jendearen borondate onari esker lortu dute."Hori zaila da, proiektuak haien ikasketetan eragin dezakeelako. Baina garrantzitsua dela deritzogu, gazteek erantzukizuna hartzen dutelako".
Udako egonaldiaren ostean, Espainian dagoen jarraipen batzordeak proiektuko hurrengo pausoak zeintzuk diren zehazten du. Uda honetan, auzoan egin daitezkeen ekintzak-eta erabakiko dituzte eta hurrengo ikasturtean, esate baterako, gazte kopurua handitzea espero dute. "Gure ideia da zortzi edo hamar izatea eta neskak ere egotea. Baina emakumeak nahiko babestuak daude. Hau da, ez diete edozein elkarteri emakumeekin lan egiten uzten. Baimen antzeko bat izan behar duzu. Hara iritsi eta harrera etxe misto bat irekitzea horrelako baimenik gabe, ez zen egokia. Horregatik, lehenik lan egin, ezagutzera eman, eta ostean, baimena lortzean mistoa egitea zen helburua. Apezpikuaren baimena dugu orain, etxe berria atondu, eta hurrengo urtean, bertan neska eta mutilak hartzea espero dugu".
Garatzen ari den herria
Orokorrean, hemen duela 60 edo 70 urte bezala bizi dira Togon. "Etxe askotan ez dago urik, Lome hiriburuan erdiguneko kaleak daude asfaltatuak gainontzekoak lurra dira".
Bizirauteko salerosketaz baliatzen dira Lomen. "Kalean denetarik saltzen dute. Gasolina asko saltzen dute. Ez dago ia garraio publikorik, autobus bat 4 ordutan behin ikusi dezakezu. Taxi eta motorretan ibiltzen dira. Horregatik, gazteek gasolindegian gasoila erosi eta auzoetan saltzen dute. Janari ugari saltzen dute, fruta, arroza, irinarekin egindako gauzak, guztia poltsa txikietan. Asko josten dute, oihal asko dute. Neska eta gizonek josten dituzte jantziak. Irudia asko zaintzen dute. Ikastolara dotore doaz haurrak. Arotzak, altzairu asko egiten dute … Lome goizeko 5:30ean jaikitzen da, mugimenduan dagoen hiria da. Azoka dute, portuaren ondoan, Lasarte-Oriaren tamaina du.
Baina teknologikoki hiriburuan aurreratuta daude, "guztiek dute mugikorra, han oso merkea da mugikorra izatea. Haientzat harremanetarako beharrezkoa eta ihes egiteko modu bat da, mundua ikusteko eta ikasteko erabiltzen dute".
Iparraldean, ordea, egoera bestelako da. "Bertan herrixkak dira nagusi, tribuak. Nekazaritza lurrak dira eta eskura zutenarekin lantzen zuten. Orain gobernuak tresnak eman dizkie hori lantzeko. Bertan mugikor gutxi ikusten da".
Hala eta guztiz ere, Togo ez da irteera herria, Togoko herritarrak ez dira emigranteak. "Garapen bidean dagoen herrialdea da, jendeak bere herriaren alde egiten du lan, ez dute ateratzeko gogorik".
Horregatik, nazioarteko enpresek interesa agertu dute eta hainbatek egoitzak ireki dituzte bertan. "Horiek langileek hezkuntza maila altua izatea eskatzen dute, masterra izatea gehienetan".
Gobernuak eta familiek ere hezkuntzaren alde egiten dute. "Familiek haur eta gazteak eskolara joateko ahaleginak egiten dituzte eta Gobernuak laguntza asko ematen ditu, baina sistema zorrotza du. Hiru urteko zikloak egiten dituzte eta azterketa bat gainditu behar dute. Beraz, gutxi iristen dira Batxilergora eta gutxiago Unibertsitatera".
Gazteek ikasteko gogoak dituzte eta gazte mugimendu handia dago. "Togo oso herrialde gaztea da. Gazte asko dago eta indarra dute. Herria mugitzen ari da. Gazteak unibertsitatera iristen ari diren heinean garatzen ari da Togo eta begirada feminista ere oso indartsua da, emakume asko ari da unibertsitatera iristen. Pixkanaka emakumea lan ezberdinetan ikusi daiteke, armadan, polizian… Baina egoera ekonomikoaren arabera, neskak unibertsitatera iristen dira".
Egoera honek, ordea, badu kontraesan bat. Unibertsitateak indarra hartzen duen heinean, egungo erregimenaren aurkako ahotsak ugariagoak dira. "Gazteek pentsaera kritikoagoa dute, beste ikuspuntu batzuetara irekitzen dira... Egun dinastia bat dago indarrean eta estatu demokratikoago bat eskatzen ari dira. Mobilizazioak egiten dituztenean, unibertsitatea itxi eta etxeratze-aginduak ezartzen dituzte. Epe luzeak egon daitezke klaserik gabe eta agindua ematean berriro irekitzen dira. Batzuetan ikasturte bat hurrengoarekin batzen da".
Honez gain, gazteek beste hainbat zailtasuni aurre egin behar diete. "Unibertsitatea ez da hemen bezala, ez daude ikasgelak. Paraninfoak dira eta mila pertsona sartzen dira. Baina ez dago guztientzat lekurik. Kanpoan geratu daitezke. Klasera doanak apunteak hartu, eta gero, kanpoan zeudenei diru-kopuru txiki bat ordainduta azalpenak ematen dizkiete. Horregatik gure gazteek bizikletak eskatu dizkigute. Baina orain ezin dizkiegu erosi".
Togorekin senidetze jaialdia
Harrera etxeko proiektua martxan jarri zenetik Lasarte-Oriako herritarrek era batera edo bestera haien harritxoa jarri dute. Misio taldeak hiru urte hauetan hainbat afari solidario antolatu ditu, esate baterako. Orain herritar guztiei proiektuaren berri emateko bazkari solidarioa egingo dute, martxoaren 31an, Arantzazuko Ama Birjina elizako aretoan. Tiketak jarri dituzte Ormazabal loradendan, 12 eurotan.
Proiektu hau Lasarte-Oriako herritarren sentsibilizazioa lantzeko baliagarria izatea nahi dute. "Biltzen den diru kopurua ez da garrantzizkoa. Sentsibilizazioa lantzeak, bertako egoera ezagutzeak eta guregan eragina izateak du garrantzia. Togo eta proiektua ezagutzea, haiekin enpatizatzea, Sylvain eta gazteak ezagutzea..."
Gazteek ere egoera ezagutzea nahi dute, eta horregatik, elizako gazteek giltzatakoak egin dituzte bazkarian saltzeko. "Gazteekin joan gara Togora eta bertako gazteekin zubi lana egin ahal dute. Agian, etorkizunean, boluntario talde bat sortu daiteke".Horretarako, batetik, Albarekin batera proiektuan lanean ari den Joan izango da bazkarian, eta bestetik, teknologia berriei esker, harrera etxeko kideekin harremanetan jarriko dira zuzenean.
Giltzatakoez gain, Togoko produktuak ere izango dituzte eskuragarri bazkarira doazen lagunek.
Halaber, 0 mahaia izango da bazkarira joan ezin diren herritarrek lagundu nahi badute.
Hau guztiaz gain, Togo eta Afrikarekin harremana izan nahi duten herritarrentzat bide izan nahi dute eta haiekin bidaiatzeko aukera emango dute. Uda honetan, Lasarte-Oriako bikote bat Togora joango da, esate baterako.