Begiristain-Rebe eta Arteaga-Esnaola, Gipuzkoako fasera

Begiristain-Rebe eta Arteaga-Esnaola, Gipuzkoako fasera
Hasi da Euskal Herriko XI. mus txapelketa. Lasarte-Oriako kanporaketa jokatu zuten ostiral gauean hamaika bikotek, Xirimiri elkartean; bik lortu dute Gipuzkoako fasean aritzeko txartela

Enbido eta hordagoka aritu ziren hamar bikote ostiral gauean Xirimiri elkartean. Euskal Herriko XI. mus txapekelketa hasi da. Herriz herri kanporaketak jokatzen ari dira, jakiteko nortzuk ariko diren Gipuzkoako fasean. Zaldibian jokatuko dute fase hori, otsailaren 23an, larunbata. Gure herritik bi bikote joango dira: Mikel Begiristain-Unai Rebe (irabazleak) eta Xabier Arteaga-Beñat Esnaola (finalistak). Hogeita bi pertsonak izena eman zutenez, bi txartel egon ziren jokoan.

Gaueko hamarrak pasatxo hasi ziren musean hamaika bikoteak. Hogeina euro ordaindu zituzten kanporaketan parte hartzeko. Pertsona gehiago etorriko ez zirela ikusita, zozketa egin zuten antolatzaileek, eta txapelketaren koadroa, gero. Bost partida, hasteko. Hiru ustel nork lehenago bilduko, 25 tantotara bakoitza. Bikote galtzaileek bigarren aukera bat zuten kanporaketan berriro sartzeko. Bost bikotetik hiruk jarraitu zuten txapelketan. Zozketa bidez erabaki zuten hori ere. Unai Rebe-Mikel Begiristain eta Xabier Arteaga-Beñat Esnaola iritsi ziren final handira. Gipuzkoako fasean aritzeko txartelak poltsikoan zituztenez, presiorik gabe jokatu zuten lauek, eta mus partida ederra ikusi zuten gainontzeko bikoteek. Bi txuleta eta bi gazta aukeran, sari gisa. Haragia eraman zuten etxera Rebek eta Begiristainek.