Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatu dute Ibon Fernandez Iradi espetxetik ateratzeko

Txintxarri 2019ko mar. 15a, 12:58

Eskumena duten agintariei eskatu diete "indarrean dagoen legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak" aintzat hartzeko

Ibon Fernandez Iradi, Lasarte-Oriako presoaren aldeko ebazpena onartu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Podemosek aldeko boza eman dute, eta horrenbestez, aho batez atera da adierazpena. PPko ordezkaritzarik ez da izan batzordean. Larri gaixo dago Fernandez Iradi. Haren osasun eskubidearen eta giza eskubideen aldeko aldarria egin du batzordeak, eta haren etxeratzea eskatu da, han bertan artatua izan dadin. 

Esklerosi anizkoitza du lasarteoriatarrak. Duela zortzi urte hasi zitzaion gaixotasuna,  espetxean zela. Orain sei urte egin zioten lehen diagnosia. Orduztik Frantziako espetxeetan izan da preso. Egun Lannemezanen dago, Parisko auzitegiak epaiketa data ezartzearen esperoan.

Gaurko Giza Eskubideen Batzordean, Fernandez Iradiren ama eta emaztea izan dira, Sareko kideekin batera. Bertan, euskal presoaren egoeraren larritasunaren berri eman diete gerturatutako prentsako kideei. Ainara Fresnera Ibonen bikotekideak adierazi du duela urtebetetik atzeratzen ari den epaiketaren zain daudea. Izan ere, haren egoera larria aintzat hartu, eta etxean artatua izateko erabakia hartzea espero dute. Gaitza dela eta, espetxean ugaltzen diren birusak hartzeko erraztasuna du, eta edozein gaixotasunek (azken hilabeteetan jasan behar izan dituen gastronteritisa edota gripea, kasurako) esklerosiak sortzen dizkion minak areagotzen dizkio. 

Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak ohartarazi du egun Espainiako eta Frantziako espetxeetan larri gaixo dauden 21 preso daudela. Legeak jasotakoa betez gero, preso horiek etxeratuak izango beharko lirateke, gaitza sendaezinak baldintza duinetan artatuak izan daitezen.

Sare Herritarrak eta Fernandez Iradiren senideek baikortzat jo dute adierazpena aho batez onartu izana. Izan ere, nabarmendu dutenez erakundeen babesa eta bultzada beharrezkoa da presoen auzia konpontzeko. 

Lasarte-Orian hainbat ekitaldi egin dituzte presoen alde; horien artean sinadura bilketa antolatu dute. 

Erlazionatuak

Eskubideak eta urraketak

Txintxarri Aldizkaria 2019 mar 15 Gizartea