Beterri-Buruntza mankomunitatean sartzea adostu du udalbatzarrak

Adrian Garcia 2019ko mar. 14a, 18:37

Landaberriko errepidea konpontzearen alde egin du batzarrak, EH Bilduk eta PSE-EEk mozioa aurkeztuta. Hezkuntzari eskatuko diote jangela jartzeko. 

Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten udalerriek tokiko garapen, sustapen ekonomiko eta enplegu alorrean mankomunitate bat eratuko dute, eta hor izango da Lasarte-Oria ere. Udalbatzarrak aho batez onartu zuen, aldeko hamasei botorekin (EH Bilduko Kristina Bernal falta zen), erakunde horretan egotea. Hasiera batean udalerri guztiak osatzekoak ziren erakunde hori, baina, finantza arrazoiak tarteko, Usurbilek atzeratu egin du sartzea. Ondorioz, hastapenean, Andoain, Hernani, Urnieta eta Astigarragarekin batera parte hartuko du Lasarte-Oriak. Hurrengo pausoa izango da estatutuak udalbatzarrera eramatea.

Beste puntuak ere aho batez onartu zituzten udal ordezkariek. Esaterako, apirileko Mugi tarifena; Manttangorri herri autobusari eragiten dio.
Bestalde, aurreko astean EH Bilduk aurkeztutako mozioa mahai gainean jarri zuten. Landaberri ikastolarako Hipodromoko errepidea eta aldapa konpontzea, eta jangela zerbitzua jartzea proposatu zuten. PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu, eta bi alderdiek adostuta aurkeztu zuten mozio transakzionala. Aho batez onartu zuen udalbatzarrak gero.

Donostiako lurrak 

Modu horretan, Donostiako lurrak direnez, hiriburuko udalari eskatuko diote lanak egitea. Donostialdeko lurralde planean jasota dagoenez, errepidea eta bidegorri bat egingo dute bide horretan. Bestetik, udalak konpromisoa hartu du aldapa konpontzeko, bere eskumenen barruan dago eta. Azkenik, Hezkuntza sailari eskatuko diote jangela jartzeko.

Puntu guztiak aho batez onartu ostean, galdera eta erreguen orduan izan zen ika-mika, batez ere, EH Bilduko Leire Elizegik hitza hartu zuenean. Martxoaren 8ko egunaren harira gogor kritikatu zuen udal gobernua, eta salatu mugimendu feministarekin koordinatu ez zirela. Hainbat gizonezko hautetsiren jarrera ere deitoratu zuen. "365 egun dituzue argazkietan ateratzeko, ezin al duzue egun bakar batean baztertu eta protagonismoa emakumeei utzi?".

Jesus Zaballos alkateak EH Bilduren hauteskundeetarako hautagaitza baliatu zuen erantzuna emateko. "Guk 16 urtez emakumezko alkatea izan dugu. EAJ alderdiak ere emakumezko bozeramailea izan du orain gutxi arte. Zergatik ez duzue zuek berdina egiten eta emakume bat aurkezten?".

Martxoaren 8a


Aurretik beste gai batzuk ere galdetu zizkioten gainerako alderdien ordezkariek. Ahal Du Lasarte-Oria Puedeko bozeramaile Arkaitz Nayak Kaxkarro inguruko lurren desjabetzeari buruz jakin nahi izan zuen. Hain justu, lur jabeen familiak auzitara eraman du udala, emandako kalte ordainak nahikoak ez direlakoan. Balio justu auzitegi batek 500.000 eurotan ezarri zuen kopuru hori. Familiak, ordea, 5 milioi euro eskatzen ditu, lur hori urbanizatu daitekeelakoan. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio familiari, eta udalak helegitea jarri du Auzitegi Gorenean. "Itxaron egin behar dugu, helegitea onartzen duen jakiteko. Badaezpada ere, udalak badu diru poltsa bat kalte ordain hori ordaintzeko", azaldu zuen alkateak.

Bestalde, EAJk ez du etsi, eta berriro saiatu da Jon Antxordoki bozeramailea TSSTko eraikina zena salbatzen. Balio historikoa du, eta horrela katalogatua izan daiteke. 1949. urtean eraiki zuten. Udalak emana du azpiegitura eraisteko baimena, inguruan etxebizitzak egitea aurreikusia baitago. Edonola ere, lanak gelditu behar izan dituzte, Ura Euskal Uraren Agentziaren baimena ez dutelako. Oria ibaiaren ondoan dago eraikina, eta, hortaz, beharrezkoa da agentziaren oniritzia hura eraisteko. Antxordokik Uraren agindua aprobetxatu zuen, udalari eskatzeko gaia "birpentsatzeko", eta baimena bertan behera uzteko. Halere, ahalegina alferrikoa izan zen, Zaballosek ez duelako iritziz aldatu. "Udalak bere baimena eman du. Uraren baimena independentea da, hura eskuratu beharko dute lanak aurrera egiteko".