Hipodromoko errepidea hobetzeko beharraz ohartarazi du EH Bilduk

Txintxarri 2019ko mar. 7a, 18:30

Alderdiak salatu du Landaberri ikastola herriarekin lotzen duen errepidearen "egoera kaskarra". Mozio bat aurkeztuko du datorren udalbatzarrean, asteartean, Donostiako eta Lasarte-Oriako udalei eskatzeko beharrezkoak diren lanak egin ditzaten. 

Hipodromoko zubitik aurrera Landaberri ikastolara doan errepidea ez dago Lasarte-Oriako lurretan, baina herritarrentzako garrantzi handia du. Ez bakarrik pertsona askok aisialdirako erabiltzen dutelako, bizikletaz edo oinez paseoak emateko. Herria eta Lehen Hezkuntzako Landaberri ikastola lotzen ditu; LH3-LH6 arteko haurren zentroa da. Haatik, errepidea ez dago egoera onean. Estua da, toki askotan bi autok ezin dute elkar gurutzatu, eta zuloak ditu. Arazoari heldu nahi dio EH Bilduk, eta konponbidea proposatzeko prentsa agerraldia egin du. Datorren astearteko udalbatzarrean aurkeztuko duen mozioa azaldu du. Ondokoa eskatuko dute: Donostiako Udalari, Hipodromoko atzeko errepidea konpontzeko; udal gobernuari, Landaberriko ikastolako aldapan beharrezko lanak egiteko; eta Hezkuntzako Delegaritzari, jangela zerbitzua jartzeko.

Korapilotsua da arazoa, hainbat erakunde nahasten dituelako. Alde batetik, Donostiako lurretan dago Hipodromotik ikastolarako errepidea, eta, hortaz, hari dagozkio mantentze lanak. Bestetik, bidegurutzetik ikastolarako aldapa Lasarte-Oriako eskumenen barruan dago. Eta, azkenik, zentroaz Hezkuntza saila arduratzen da.

31 joan-etorri egunean
Pablo Barrio eta Leire Elizegi bozeramaileek emandakoak dira datuak: umeek bi joan-etorri egin behar dituzte egunean; bete-beteta dauden autobusek, guztira 31. "Arriskuak begibistakoak dira". Baina arazoa ez da bukatzen ikastolako bidegurutzean. "Sarbidetik gorako aldaparen egoera ez da hobea. Autobusek eta autoek arazoak izaten dituzte askotan sarrera-irteeretan. Gainera, aldaparen hainbat zatitan lur jausiak sortzeko moduko pitzadurak ireki dira galtzadan", esan du Elizegik.

Bestalde, joan-etorriak areagotu egiten dira ikastolaren beraren gabeziengatik. Izan ere, ez du jangela zerbitzua eskaintzen, eta bazkalorduan gaztetxoak herrira itzultzera behartzen ditu. "Arriskuez aparte, joan-etorri ugariek umeengan nekea eragiten dute, eta denbora galtze handia da".