Martxoak 8

Oihartzun gero eta ozenagoa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 9a, 13:45

Berdintasun aldarrikapenak ozen entzun ziren goiz osoan Lasarte-Orian.

Kalera atera dira Lasarte-Oriako emakumeak. Gizartean, lan munduan eta bizitzan daukaten pisua eta garrantzia aldarrikatu eta ikusarazi dute. M-8ko Asanbladako kideek makina bat ekintza antolatu dituzte: karabana feminista, kalejira, eserialdia eta bazkaria. Udalak eguerdian deitutako elkarretaratzera ere joan dira, Okendo betez. Ehunka pertsonak parte hartu dute goizeko ekintzetan; Donostiako manifestaziora joan dira arratsaldean 

Goizeko hamarrak. Bulegoko atea ireki, eskailerak igo, eta ezohiko giroa. Ezohiko sentsazioa. Zerbait (norbait, hobe esanda) berezia faltako balitz bezala. Pertsona bakarra ez; pertsona asko. Ttakun Kultur Elkartean (eta Txintxarri aldizkarian) lan egiten duten emakumeek bat egin zuten atzoko grebarekin, beste lasarteoriatar askok bezala. Gero eta ozenago entzuten da mobilizazioaren oihartzuna, gero eta ozenago berdintasun eta parekidetasun aldarriak. 

Lasarte-Oriako M-8ko Asanbladak makina bat ekintza egin zituen atzo. Esate baterako, karabana feminista. Hipodromotik abiatu ziren oinez, bizikletan zein autoan zihoazen ehunka emakume. Aldarrikapen afixak zeramatzaten eskuetan, more kolorekoak, zapi eta banderak bezala. Ordubetez aritu ziren: Hipodromo etorbidea zeharkatu zuten aurrena; gero, Tajamarreko biribilgunetik gora joan, Atsobakar auzokora iritsi, eta buelta eman; Kale Nagusia zeharkatu, eta Okendon bukatu. Udalak deitutako elkarretaratzearekin bat egin zuten han. Gora borroka feminista! eta Heteropatriarkatu kapitalista eta arrazistari planto! izan dira gehien errepikatu zituzten aldarrikapenetako batzuk.

Kalejira eta eserialdia

Okendo plazan kontzentratu ostean, martxan jarri ziren berriro ere ehunka emakume. Kalejira egin zuten erdigunean zehar. Oriarte institutura joan ziren lehenengo. Bertako ikasleek salatu zituzten ikasgeletan jasan behar izaten dituzten eraso matxistak: "Nazkatuta gaude eskatu ez ditugun piropoak jasotzeaz, nazkatuta gure gorputzen jabe ez sentitzeaz". Emakumeek lan munduan pairatu behar duten prekarietatea, soldata baxuagoak, baldintzak eta beste hamaika errealitate bidegabe ere zabaldu zituzten kalejiran parte hartu dutenek. Horretarako, Lanbidek Iñigo de Loyola kalean daukan bulego parera joan ziren. Maialen Aranburuk eta Maider Izagirrek hitz egin zuten han; ELA eta LAB sindikatuetan egiten dute lan, hurrenez hurren. Izagirrek nabarmendu du grebak jarraipen handia izan zuela "feminizatutako hainbat sektoretan". Garbikuntza, hezkuntza eta adineko pertsonen zaintza aipatu zituen.

Azken sektore horretan lan egiten duten herritar asko ari dira beharrean Atsobakar egoitzan. Hori izan zen kalejiraren hirugarren geldialdia. Zain zituzten han erresidentziako hainbat langile, afixa zuri eta zabal eskuetan: Gipuzkoako hitzarmena orain! Atsobakar borrokan, irakur zitekeen. Egoitzatik jaitsi, Tajamarreko biribilgunea zeharkatu, eta Kale Nagusira iritsi zen kalejira feminista. Eserialdia egin zuten han, ordu erdiz, aldarrikapen eta protesta oihu artean. Mobilizazioetan parte hartu ezin izan duten pertsonak ere gogoan izan dituzte: "Emakume* bollera trans presoak kalera! Espetxeak apurtu!", aldarrikatu dute.

Okendo plazan bazkaldu zuten, eta arratsalderako indarrak hartu. Kukuka antzerki eta dantza eskolako hainbat kidek performance bat eskaini zuten arratsaldean. Gero, goizeko ekintzetan parte hartu zuten ehunka emakume Donostiara joan ziren, manifestazio erraldoian parte hartzera.

Ehunka mobilizazio

Euskal Herriko mugimendu feministak nabarmendu du "200dik gora mobilizazio" egin zirela atzo Euskal Herrian, eta beste hainbeste talde sortu zirela mobilizazio horiek antolatu eta prestatzeko. Nazioartean ere sekulakoa izan da oihartzuna, mugimendu feministaren arabera: 140 herrialdek parte hartu dute. "Historiaren kapitulu berri bat idazten ari gara; inork ez digu kenduko protagonismoa oraingo honetan". 

Gaur egungo egoera politikoak arduratuta, mugimendu feministako kideek "fronte" bat osatzea proposatu dute, "eskuin muturraren gorakada" eteteko. Politika aipatuta, azpimarratzekoa izan zen atzo goizean Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa: historian aurrenekoz, ohiko saioa bertan behera utzi zuten, gutxiengo quorum-ik ez zelako egon. Kirolera ere iritsi zen greba deialdia: ez ziren jardun Reala, Athletic, Bera Bera eta Lointek Gernika.

Erlazionatuak

Martxoaren 8ko greba - Kalejira

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 09 Gizartea

Eserialdia Kale Nagusian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 09 Gizartea