Herriko presoen egoera azaleratzeko, aditu eta senideekin hitzaldiak antolatu ditu Sarek

Txintxarri 2019ko mar. 1a, 13:06

Balerdiri omenaldia egin, eta Lasarte-Oriako Sare Herritarrak hainbat hitzaldi iragarri ditu, presoen eskubide urraketak salatzeko. Martxoaren 12an eta 26an izango dira. 

Urteurrenak efemeride soilak baino gehiago dira batzuetan. Otsailaren 28 batean hil ziren auto istripuz Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, haien semea eta anaia Almeriako kartzelara bisitatzera zihoazela. Ostegun goizean lore sorta eskaini zieten senitarteko eta beste lagunek, Askatasunaren parkean. Arratsaldean, berriz, Sare Herritarrak deituta, elkarretaratzea egin zuten. Bide batez, hainbat ekitaldi iragarri zituzten; hitzaldiak antolatu dituzte hurrengo asteetan, herriko euskal presoei ukatzen zaizkien eskubideak salatzeko.

Lasarte-Orian eta Hernanin egingo dituzte ekitaldiak. Martxoaren 12an, asteartearekin, hitzaldia eskainiko dute Anais Funosas Bake Bidean elkarteko kideak eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Mercero gunean izango da, 19:00etan. Frantzian dauden euskal presoen nondik norakoak aztertuko dituzte bi adituek, eta, zehatz-mehatz, Lasarte-Oriako presoei buruz azalpenak emango dituzte. Hiru dira: Javier Gallaga, Aitzol Iriondo eta Ibon Fernandez. Funosa eta Paulus Iparraldean bizi dira, eta Frantzian ematen ari diren azken pausoen eta dituzten oztopoen berri emango dute. "Etorkizunari begira marrazten den egoera irudikatuko dute. Herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera", azaldu du Joxe Mari Agirretxe Sareko kideak. 

Hil bukaeran, martxoaren 26an, asteartean, Azken arnasa arte dokumentala emango dute, Merceron, 19:00etan. Gallaga, Iriondo eta Fernandezen senitartekoak izango dira ekitaldian, eta haien bizipenak kontatuko dituzte. "Egoera juridikoki eta politikoki aztertuko dugu martxoaren 12an. Hilaren 26ko ekitaldian, berriz, modu pertsonalean egingo dute. Haien gertuko egoera partekatuko dute". 

Azkenik, hilaren 29an, hilabeteko azken ostiralarekin bat, ohiko kontzentrazioa egingo dute, baina modu berezian; udaletxe zaharraren parean egingo dute, 20:00etan. "Aitzoli, Javierri eta Iboni ukatzen zaizkien eskubideak aldarrikatuko ditugu".  

Urtemuga 

Ekitaldian gogoan izan zuten Balerdi sendia. "Mingarria da oraindik oroitzeko ariketa hauek egitea". Orain 15 urte hil ziren Juankar Balerdi izandakoaren senideak. Halere, Itziar Arteaga Sareko kidearen esanetan, "aurrera begiratzeko" baliogarria da iraganari so egitea. Izan ere, espetxe politikan gauza asko aldatzeko daude. "Indarrean jarraitzen du bakartu eta urruntzen duen politika horrek. Gradu aldaketak ukatu egiten zaizkie. Gaixo larri daudenak ez daukate osasuna zaintzeko tratamendu egokirik hartzerik. Kondena bikoitzak betearazten zaizkie. Oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkie". 

Izarren hautsa kantatzen amaitu zuten ekitaldia, Xumelako kide batzuen laguntzarekin. 

 

Erlazionatuak