"Karrozarekin nabarmentzen saiatzen gara, puntuak lortzeko"

Nerea Eizagirre 2019ko mar. 1a, 11:30

Intzak Parrandan konpartsa suhiltzaile taldea izan zen iazko Inauterietan. Kamioia eta guzti iritsi ziren Okendo plazara. Aurten iratxoak eta miragarriak izango dira.

NURIA PALACIOS  - INTZAK PARRANDAN KONPARTSAKO KIDEA

Ostegunean, Tolosan Inauteriei hasiera eman zitzaien. Lasarte-Orian, gaurtik astelehenera izango dira ekintzak. Mozorroa janzteko unea iritsi da. Bihar konpartsa eta mozorroen lehiaketa izango dira. Konpartsen artean, lehia bizia izango da

Intzak Parrandan taldeak iaz konpartsa onenaren saria irabazi zuen Inauterietan. Suhiltzaile kamioiak herritar bat baino gehiago harritu zuen Okendo plazara sartzean. Ez da lehen aldia saria irabazten zutena, Alizia herrialde miresgarrian ipuineko pertsonaiek garaipena eman zieten 2015. urtean. Aurten 30 bat pertsonako konpartsa izango da. Garaipena buruan, Intzak Parrandak taldeko iratxo eta maitagarriak guztiak liluratzen saiatuko dira. Baina zail omen dute.

Guztia prest biharko?

Bi edo hiru gauzatxo geratzen dira, baina aurten ondo goaz. Ez dakit aurten lehenago hasi garen edo, baina gehiena prest dago.

Iaz suhiltzaile kamioia egin eta saria irabazi zenuten. Beti saiatzen zarete zerbait berezia egiten...
Bai. Urtero karrozarekin nabarmentzen eta puntuak lortzen saiatzen gara. Gurea ez da mozorroak egitea edo dantzan egitea, beraz, puntuak alor horretan lortzen saiatzen gara. Aurtengoa ez da iazkoa bezain ikusgarria, baina ziur jendeak gustuko duela. Oso ondo geratu da.

Gaia jakin eta zenbat denbora behar duzue mozorroa erabakitzeko?

Hurrengo urteko gaia Inauteriak pasata egiten den konpartsen balorazio bileran erabakitzen da. Taldeari jakinarazi eta ideiak ematen ditugu. Abuztua-iraila aldera erabakitzen dugu zer egin.

Nola moldatzen zarete guztia prestatzeko?

Irailean mozorroak eta karroza nola egin begiratzen hasten gara. Denok dena egiten dugu, ez dugu azpitalderik egiten. Batzuek erraztasun handiagoa dute zerbaitetarako, karroza egin edo mozorroak josteko... Baina orokorrean, denok denetarik egiten dugu.

Mozorroak zuek egindakoak dira?

Urtearen arabera izaten da. Aurten, mutilenak eta umeenak guk egindakoak dira, eta neskenak, berriz, erosi egin ditugu. Iaz guztiak erosi genituen. Hala ere, erositakoei beti zerbait moldatzen diegu, gure ukitua ematen diegu.

"Bi urtetan jarraian talde berari lehen saria ematea ez da ohikoa izaten"

Oholtzan dantzan egin behar duzue, baita desfilean ere. Nola prestatzen duzue?

Taldean dantza egiten duen kide bat dugu eta, berak sortzen ditu koreografiak. Pausoak grabatu, koreografia osoa grabatu eta guztioi bidaltzen digu. Pauso errazak egiteko eskatzen diogu. Gurea ez da dantza. Gero bakoitzak bere etxean ikasi behar du, oso zaila baita guztiak batzea. Azken bi asteetan elkarrekin entseatzen dugu guztiak bat egiteko.

Ez da lehen aldia saria eskuratzen duzuena...

Duela lau urte, Alizia herrialde miresgarrian ipuinean oinarritu ginen. Karroza polita zen, eta jantziek ere lagundu zuten. Pertsonaia nagusiak zeuden karrozan, eta karta-soldaduak dantzan. Horrek puntu asko eman zizkigun.

Zer egin zenuten iazko sariarekin?

Bazkari bat egin eta guztia, urdaiazpiko, gazta, solomo eta saltxitxoia, jan genuen. Egun osoa pasa zuten urdaiazpikoa mozten, eta oraindik zerbait geratu zen. Etxera eraman zuen norbaitek.

Lehia handia izaten da konpartsen artean. Baina konpartsek bozkatzen dute irabazlea, zer hartzen duzue kontuan?

Lehia handia izaten da. Baina gero, bozkatzerako orduan, guk behintzat guztia hartzen dugu kontuan: mozorroa, karroza eta dantza. Batzuk trebeagoak dira dantzan, besteen jantzia hobeagoa da... Gu, aipatu bezala, beti saiatzen gara karrozarekin puntuak lortzen.

Aurten ere, irabazteko prest?

Zaila izango da. Konpartsen artean bozkatzen dugu, eta bi urtetan jarraian talde berari lehen saria ematea ez da ohikoa izaten. Guk irabaztea dugu buruan. Zurrumurruak egia badira, lehia handia izango da aurtengoa karrozei dagokionez behintzat.

Erlazionatuak

Konpartsen eguna, larunbatean

Txintxarri 2019 ots 20 Kultura