Bi astez izango dira inauteriak Lasarte-Orian. Euskal Inauteriek giroa berotzeko baliagarriak izango dira, hurrengo asteburuan, martxoaren 2an, konpartsen egun handia izango baita. Fikziozko pertsonaiez beteko da herria asteburu horretan, hori baita konpartsek aukeratutako gaia.
Edonola ere, martxoaren 2ko larunbata aurretik izango dira hainbat ekitaldi. Inahaldunak egitasmoaz gainera, ostiralean inauteri festa ere egingo dute eskoletan. 15:30ean hasiko da. Egun bat lehenago, ostegunean, Udal Musika Eskolak Kontzertu Bufoa emango du, 19:00etan.
Larunbatean eguerdian hasiko da jaia. Konpartsek aurkezpena egingo dute 12:30ean, eta bakarkako mozorro lehiaketa izango da gero. Herri bazkaria 14:30ean hasiko dute, bakoitzak ekarritako bazkariarekin. Super Bingoa jokatu ondoren, konpartsen desfilea egingo dute. Ondoko hauek parte hartuko dute: Zabaleta, Zentro Zibikoa, Jalgune, Intzak Parrandan, Sasoeta Sasoian eta Erketz. Txokalada eta disko jaiarekin amaituko da festa, iluntzean.