Erraustegiak osasunean eragingo dituen ondorio kaltegarriei buruz mintzatu dira askotan azpiegitura horren aurkakoak. Baina Zubietan egingo duten plantaren aurka egiteko badaude beste hainbat arrazoi. Besteak beste, CO2 partikula mordoa isuriko ditu atmosferara, hain zuzen, klima aldaketaren aurkako borroka politikari askoren ahotan dagoen une hauetan. Horixe aprobetxatu nahi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Datorren astean, martxoaren 6tik 8ra, Klima Aldaketaren Nazioarteko Konferentzia egingo dute Donostian, eta elkarretaratzeak antolatu ditu mugimenduak, Change the change biltzarreko gonbidatuei erraustegiaren proiektuaren berri emateko. Martxoaren 5ean, asteartean, 19:00etan elkartuko dira Alderdi Ederren, Donostian. Hurrengo egunean, ordu berberean, Kursaalean.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren arabera, Donostiako agintariek haien burua zuritu nahi dute, aldi berean "proiektu kutsagarriak" egiten dituzten bitartean. Milaka tona hondakin erretzen ditu Añorga-Rezolako porlan fabrikak, agintariek baimena emanda. Zubietako erraustegia ere klima kaltetzen dutenen zerrendan sartuko da". Besteak beste, Ekologistak Martxan, Eguzki, ELA, LAB, CCOO, Equo, Irabazi, eta EH Bildu taldeek parte hartzen dute mugimenduan.
Larunbatean, adostasun eske
Erraustegiko lanak azken fasean sartu diren heinean, gora egiten ari da presio soziala. Joan den larunbatean milaka pertsonak "adostasunerako eskaintza zintzoa" eskaini zuten Donostian, GuraSOSek antolatutako manifestazioan. Antolatzaileek nabarmendu dute inoiz egin duen ekitaldi jendetsuena izan dela.
Greenpeace talde ekologistak ere parte hartu zuen manifestazioan, eta berretsi GuraSOS ez dabilela gezurretan, hondakinak kudeatzeko eraikitzen ari diren azpiegitura hori ez dela guztiz fidatzekoa: "Ez dituzte isurkin kutsakor eta toxikoak etenik gabe neurtuko, eta ez da punta-puntako teknologiarekin eraikia izango".