Ozenago esan daiteke agian, baina argiago ez: adostasuna da aukera bakarra. Hala uste du GuraSOS elkarteak, eta hala uste dute atzoko manifestazioan parte hartu zuten milaka pertsonek. Hondakinak kudeatuko duen sistemak teknikoki eta ekonomikoki "bideragarria" izan behar dela aldarrikatu zuten atzo Donostiako kaleetan. Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantak ez ditu baldintza horiek betetzen haien ustez. "Ez gaude borrokarako: hondakinen kudeaketaren erronkari elkarrekin egin behar die aurre herriak eta gobernuek. Papertxo bat baino askoz gehiago gara, boto sinple bat baino askoz gehiago". Hiru belaunaldi jarri ziren pankartaren atzean atzo. Honela zioen: adOstASUNARI esan baietz. Lehen lerroak bukaerara iritsi direnean, atzeko manifestariak San Martin kalean zeuden oraindik. Inoiz egin duen ekitaldi jendetsuena izan da. Lasarteoriatar asko ere joan ziren Antiguako tunelera.
Euren seme-alabengatik arduratuta dauden guraso talde batek sortu zuen GuraSOS, duela bi urte pasatxo. Tarte horretan makina bat ekintza egin dituzte, baita Hitzartu izeneko lanketa ere, herritar ugarirekin eseriz eta haiekin iritziak partekatuz. Greenpeace talde ekologistak ere parte hartu zuen atzoko manifestazioan, eta berretsi GuraSOS ez dabilela gezurretan, hondakinak kudeatzeko eraikitzen ari diren azpiegitura hori ez dela guztiz fidatzekoa: "Ez dituzte isurkin kutsakor eta toxikoak etenik gabe neurtuko, eta ez da punta-puntako teknologiarekin eraikia izango". Bi taldeek elkarrekin lanean segituko dute, atzo jakinarazi zutenez. "Foru plana hobetu daiteke; zaharkituak daude erraustegiak, eta arriskutsuak dira".
"Eskaintza zintzoa"
Manifestazioaren bukaera ekitaldian hitz egin dute GuraSOSeko kide Joxe Mari Izeta eta Olatz Kortak. "Adostasunerako eskaintza benetan zintzoa" aurkeztu zutela nabarmendu zuten. Herritarrek hiru irizpide jarri dituztela adierazi zuten: "Osasuna babestea; dagoeneko egin diren gastu eta inbertsioak ahalik eta gehien aprobetxatzea; eta hondakinak kudeatzeko sistema teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izatea".
GuraSOSen eta herritarren estrategiak ez dauka zerikusirik ika-mika edo talkekin. "Ingurumen alorrean erronka zailak ditugu aurretik; bidea elkarrekin egin behar dugu, bai ala bai". Ekitaldia bukatu aurretik, bi hizlariak oholtza gainean zirela, zapi zuri bat atera eta erakutsi zuten. "Sinbolo horrek ez du esan nahi amore ematen ari garenik, ez dagoelako galtzailerik. Denok irabazten dugu, bakearekin eta adostasunarekin".