Joxe Mari Izeta: "Argi utzi nahi dute herri honetan nork agintzen duen"

Adrian Garcia 2019ko ots. 15a, 15:24

Gizarteak bultzatutako parte hartze prozesua aintzat hartzeko eskatu du GuraSOSek, eta manifestaziora deitu du, hurrengo larunbaterako. Izetaren ustetan, adostasunari uko egin dio aldundiak: "Garaileen eta galtzaileen arteko auzi baten moduan hartu dute".

Erraustegiaren auzia erabat politizatuta egon da Gipuzkoan, eta, hain zuzen, GuraSOS elkartearen helburua izan da gai hori gizarteratzea. Hurrengo hamabost urteetarako hondakinen kudeaketaren plan berria onartzekotan da Gipuzkoako Foru Aldundia, erraustegiaren lanak amaitzear daudela. Joxe Mari Izeta (Usurbil, 1966) elkarteko kidearen arabera, martxoaren 6rako nahi du aldundiak plan hori onartu, hauteskundeak egin baino lehen. Horregatik deitu dute hurrengo larunbatean, hilaren 23an, manifestaziora. Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko dira, 17:00etan. Hitzartu parte hartze prozesuaren bidez adostu zuten plana ere aintzat hartzea nahi du elkarteak. "Bi planak mahai gainean jarri nahi ditugu, adostasun batera iristeko". 

Hurrengo hamarkadarako hondakinen kudeaketa plana onartzear du aldundiak.  Zer dakizue plan horri buruz? 

Badakigu erraustegia dela plan horren ardatza. Erraustegia egiteko erabakia hartuta zegoen, eta gero plana horren arabera egin dute. Batzar Nagusietan ez dizkiote zuzenketa partzialak egin, osokoak baizik. 

Salatu duzue estrategia komunikatiboa itzalpeko talde batek egin duela. 

Komunikazio hori aurrera eramateko asmoa 2016ko ekainekoa da, obrak oraindik adjudikatu gabe zegoenekoa. Urbaser eta Meridiamek prestatuta zuten estrategia komunikatiboa, herritarrak eta gu bezalako talde eragileak neutralizatzeko, eta pasibotasuna sustatzeko. Ez dute informatzeko asmorik. 

Zertan oinarritu da propaganda hori?

Gauza asko saldu dituzte, esaterako, Gipuzkoa erdiarentzat argindarra sortuko dutela. Gezurra da hori. Argindarra sortuko da gas piloa sartuko dutelako. Plastikoa eta organikoa erretzen badituzu, nolako sua sortuko du horrek? Eufemismo eta izen polit asko erabili dituzte. Tximinia gabe saldu dute irudia. Baina, gutxienez, hiru daramatza. Herritarrak inozoak eta umetxoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. 

Hedabide handiek ere ezkutatu egin dute gaia. 

EITBren kasua da nabarmena. Noiztik hedabide publiko batek behar ditu horrenbeste sinadura gai horren garrantzitsu bati buruz eztabaidatzeko? Hor ikusten da informazio falta.  EITB eta Diario Vasco izan dira aldundiaren ildoari jarraitu dioten hedabide handiak. 

Hitzarturen bidez osatutako kudeaketa planak zer ondorio atera ditu?

Osasunak duela lehentasuna. Horixe da planaren ardatza. Bestalde, ondorio argia da informazio falta ikaragarria egon dela. Propaganda asko bai, baina informazio objektiborik ez. 

Neurketak egiteko instalazioa jarri dute Tximistarreta parkean. 

Guk ekarritako zientzialariek diotenez, Rodriguez Farrek eta Fernando Palaciosek, badaude hamabi toxina neurtuko ez dituztenak. Ez dute esan nola egingo dituzten neurketak, baina  orain badakigu: urtean behin egingo dituzte, eta jakingo dute zein egunetan, filtroak eta beste trikimailuak erabiltzeko ahalik eta neurri baxuenak emateko. Oso tranpatia da dena. Esku pribatuetan egongo denez, kontrol zorrotzagoak egiteko aukera galdu egin da. 

Erraustegiaren kontratua ere lortu duzue. Zer nabarmendu daiteke?  

Ez du zehazten nongo zaborrak jasoko dituzten. Aipatzen du  tipologia, baina ez jatorria. GHK-k bidaltzen dizkion zaborrak hartuko dituzte, baina enpresa pribatua denez, beste edozein tokitakoak ere erre ditzakete, prezio baten truke. Gainera, gaindimentsionatuta jarraitzen du. Bi labe ditu; alegia, bikoitza erre dezake. Informazio gutxi jaso dugu. Bestela, herritarrek agian beste jarrera bat hartuko lukete. 

Ondo lotuta utzi du aldundiak dena.

Diru laguntzen diktadurapean bizi gara. Jende askok esan digu gure alde dagoela, baina ezin duela ezer egin, diru laguntzak jasotzen dituelako; beldur dira galdu egingo ote dituzten. 

Aldundiarekin biltzea lortu al duzue azkenean? 

Ez. Hiru urtean ez dira gurekin egon, nahiz eta GuraSOSek hartu duen oihartzuna gizartean. Baina bilera batera ere ez gaituzte gonbidatu, entzutea sikiera. Hor ikusten da zer begirune duten herritarrekiko. 

Hogei urte baino gehiago daramate proiektu hori egin nahian.

Garaileen eta galtzaileen arteko auzi bat bezala hartu dute. EH Bilduk gelditu zuen erraustegia, eta, orain, gehiengoa berreskuratu dutenez, edozein modutan egingo dute, garestiagoa izan arren. Ez da ingurugiro arazo bat, baizik eta herri honetan zeinek agintzen duen argi uztea. 

Begi bistakoa da erraustegia egin egingo dutela. Ba al dago aukerarik geldiarazteko?

Hasierako helburua zen martxan ez jartzea, baina errealistak izanda, hurrengo helburuak izan beharko luke bost urte baino lehenago ixtea. Geldiaraziko  bada, presio sozialarengatik izango da. GuraSOSek edo beste talde batek erraustegiaren gainean zaintza zorrotza egiten badu, eta irregulartasun guztiak salatu, agian epe batean geratu daiteke. Nik arrakastatzat joko nuke bost eta hamar urte arteko epe batean itxiaraztea. 

Alegia, helburua da ahalik eta kalte gutxien eragitea. 

Zientzialariek diotenez, toxina horiek metatzen doaz; urte batzuetan eragina ez da horrenbeste nabarmenduko, baina pilatzean, kalteak oso handiak izango dira. 

Bide judiziala ere hartu du auziak, Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta auzipetzean. Nola interpretatu dituzue haien aurkako eta aldeko epaiak.  

Nik maila judizialean gutxi dakit. Guk salaketa judizial asko jarri ditugu, baina denak galdu ditugu. Nire iritzi propioa da epaileek ez daukatela gogo gehiegirik agintean dagoen jendearekin gatazkan sartzeko. Ahal badute paso egiten dute, eta ez diote gaiari beharrezko zorroztasunarekin heltzen. 

Zure ustez, nola eragingo dio erraustegiak birziklapen tasari?

Bukatu aurretik ere hasi da jendea erlaxatzen, hasi gara hondakin gehiago sortzen. Zabalgarbi egin zenean, Bizkaian, zabor gehiago sortu zen. Erraustegiarekin ez da kontzientzia lortzen, kontrakoa baizik. Herri batek ez du ordainduko sortzen duen hondakinen arabera. Berdin du zenbat birziklatu, gipuzkoar guztion artean ordainduko dugu berdin-berdin. 

Hauteskundeak datoz ate joka. Nola eragingo du horrek?

EH Bildu eta Podemosen artean gehiengo badira, ziurrenik erreferendum bat egingo dute. Ez dakit irabaziko genukeen. Oso zaila izango litzateke. Jende askorentzako egina dago, eta ez du erremediorik. Informazioa falta zaio jendeari. 

Eztabaida sortzea espero al duzu?

Bai. Argumentu eta material asko dute alderdiek, erakusteko gauzak zer modutan egin dituzten. Baina ez dakit... Urte hauetan asko ez dute egin ez alderdi politikoek, ezta sindikatuek ere. Dena gure eskuetan utzi dute.