Irratia helburuak lortzeko tresna izan du Jon Altunak (Lasarte-Oria, 1992). "Kiroletik bizi nahi nuen, eta kazetaritzak eman dit aukera hori". Mundo Deportivo egunkarian eta Euskadi Irratian aritzen da kirol kontuekin bueltaka.
Prentsa idatzia ala irratia, zer duzu nahiago?
Irratian, argi gorria pizten denean, sortzen den adrenalina kirola egiteko sentsazioaren parekoena da. Sartu egiten zara partidan edo lasterketan, eta kirol hori egiteko modu bat da. Zentzu guztiak hor dauzkazu jarrita: kontzentrazioa, emozioa... asko, asko gustatzen zait. Prentsa idatzia ere gustuko dut; hausnarketarako tarte handiagoa duzu, sakontzeko aukera gehiago.
Lanetik kanpo ere entzuten duzu irratia?
Bai, txikitan ez nintzen bereziki irratizalea, baina lanean hasi nintzenetik bai. Euskadi Irratia, noski, EITB Musika, eta ez dit lotsarik ematen aitortzeak gauetan Cope irratiko entzule amorratua naizela.
Nolakoa da mikrofonoz kanpo egiten den lana?
Lan laukoitza dago atzean. Elkarrizketa lotzen, lekuetara joaten, prentsa arduradunarekin hitz egiten... Batzuetan oso erraza izaten da, baina besteetan mila oztopo gainditu behar dira, eta askotan ez da lortzen.
Zein irrati esatari gustatzen zaizu gehien?
Ruben Martin Copeko narratzailea gustatzen zait. Futbol esataria da, eta izugarrizko pasioa jartzen dio. Zein taldekoa den sekula esan gabe, gai da modu berezi batean transmititzeko zer gertatzen den zelaian.
Zer kiroletan aritzen zara erosoen?
Txirrindularitzan, zalantzarik gabe. Kirol hori pasioa izan da niretzat txikitatik, eta irratia ere hala bihurtu da. Nire bi pasio handiak elkartzen dira txirrindularitzari buruzko saioetan.
Txirrindulari ohia zara, noski.
Oso gertukoa dut kirol hori, horretan jardun dudalako denbora batez. Pilotan edo futbolean ere jokatu izan dut kalean, baina ez federatuta. Desberdina da, nahiz eta eroso ibiltzen naizen beste kirolei buruz hitz egiten.
Entzule piloa ditu Euskadi Irratiak. Horrek ardura sortzen al du?
Egia esan, irratian nagoenean ez naiz jabetzen milaka pertsona ari zaizkigula entzuten. Momentuan ez behintzat. Kiroletan familia moduko giroa dugu, eta asko errazten du horrek.