Ibilbide profesional guztia irratian egin du Maider Segurolak (Lasarte-Oria, 1982). Orain hamabost urte hartu zuen mikrofonoa bekadun gisa, eta egun Hiri Gorrian irratsaioa zuzentzen du. Txiki-txikitatik datorkio irratiarekiko grina hori. "Etxean oso irratizaleak izan gara beti. Beti erakarri nau izugarri; ikastolan Maritxu Berritxu-ra joan ginenean maitemindu egin nitnzen, eta orain pribilegiatua sentitzen naiz nire lanbidea izatea lortu dudalako".
Zerk erakartzen zaitu horrenbeste irratitik?
Entzule bezala, gustatzen zait beste gauza bat egin bitartean kontsumitu dezakezula. Ez dizu arreta osoa eskatzen. Konpainia da. Ahotsa da bakarrik, eta badu bere misterioa.
Eta lanerako?
Sukaldean aritzea bezala da. Osagai batzuk dauzkazu, eta denbora jakin batean errezeta bat atera behar zaizu. Handik eta hemendik hartuta, osagaiekin jolasean, istorio bat kontatu behar duzu. Jolasa da; hau falta zait, beste hori gehituko diot, hura sartuko dut... Ni entretenimenduan nabil, pentsatzen dut albistegietan dabilen batek beste modu batera ikusiko duela. Baina beti ikasten dut zerbait berria, jende asko ezagutzen dut... Oso aberasgarria egiten zait irratia.
Hiri Gorrian saioan zaude. Nola ateratzen dituzue irratsaioan lantzeko gaiak?
Arratsaldeko magazina da, eta horrek esan nahi du prime time-ak egingo dituela eguneko albisteak. Gu beti beste buelta baten bila ari gara. Goizak egiten duenari ezin diogu heldu. Gure gaiak ez daude egunkarietan, baizik eta tabernetako aldizkarietan, kaleko afixetan, autobusetako elkarrizketetan, kuadrillako komentarioetan... Beti txip horrekin gabiltza.
Azken finean, euskal unibertsoa erakusten duzue.
Gure balio erantsia hori da, hemengo gauzak kontatzea. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua lurraldetasuna errespetatzea; askotan joera da soilik Gipuzkoa aintzat hartzea. Baina mertzeria baten bila Urruña edo Araiara joan gaitezke, presentzia emateko jende horri.
Lan gehiago eskatuko dizue horrek. Atzeko lan asko egongo da, ezta?
Lau laguneko lantaldea gara, lanaldi osora. Inplikazio asko dugu gainera, irratia bizi dugulako modu horretan. Bost ordu behar izaten ditut bi ordu zuzenean egiteko.