"Asko pentsatu gabe" hasi zen irratian Maider Gorostegi (1982, Lasare-Oria), baina konturatzerako hamabi urte eman ditu mikrofono aurrean. Kazetaritza ikasi zuen, eta praktikak egin ostean, Herri Irratian hasi zen. Gaztean proba batzuk egin, eta ordutik dabil kate horretan. Irratian ahotsak ematen dituen aukera horiekin jolastea gustatzen zaio, eta estudioetatik kanpo ere egin du ibilbidea. Bikoizketa eta telebistan ere jarduten du Gorostegik. "Nire tresna da ahotsa, eta horrekin lotuta gauzak egiten aritzen naiz".
Zer da irratitik gustatzen zaizuna?
Nire alde desberdinak erakusteko aukera ematen dit, askotariko pertsonaiak jorratzekoa. Gaztean fikzioarekin jolasten dugu asko. Fikzioa eta errealitatearen arteko mugan aritzen gara, eta asko gustatzen zait. Askotan galdetzen didate: "Hau egia al da?".
Denbora librean irratiari lotuta bizi zara edo nahiago izaten duzu atseden hartu?
Egia esan erabat deskonektatzea gustatzen zait. Goizetan irrati estudio batean sartuta egoten naiz, arratsaldetan ere grabazio estudioetan egoten naiz, eta ateratzen naizenean beharrezkoa dut beste zaletasun batzuk egitea. Aire librea eta itsasoa gustatzen zaizkit lanetik kanpo.
Asko aldatu al da irratia sartu zinenetik?
Irratia gero eta gehiago da irudia. Jende askok badaki nortzuk garen. Lehenago hori ezkutuan mantentzen zen. Instagram eta sare sozialengatik mundu guztiak jakin dezake orain nor zaren. Hor nostalgia pixka bat sartzen zait. Gure garaian ez zenekien zeintzuk ziren esatariak.
Entretenimenduko saioa egiten duzue euskaraz. Hizkuntzaren erabilera bultzatzeko ekarpen polita egin dezake irratiak, ezta?
Bai, aukera oso ona da, eta mezu asko iristen zaizkigu horrekin lotuta. Alde horretatik, badugu erantzukizun handia. Euskararekin familiarizatu nahi duen jende askok esaten du gu entzuteko ahalegina egiten duela.
Zer ezaugarri behar ditu irrati estari batek?
Nik Gaztea Formula saioa egiten dut, eta lana gehienbat inprobisazioa da. Aurretik abestiak hautatu behar dira, baina zuzenekoa egiteko naturaltasuna eta freskotasuna behar dira, eta enpatia izatea entzulearekin.