Irratian ezohiko ikuspuntua du Mikel Retegik (Lasarte-Oria, 1986). Esatariaren eta entzulearen arteko bitartekaria da bera; Euskadi Irratiko soinu teknikaria. Kristalaren beste aldetik bermatu behar du soinuaren ahalik eta kalitate onena. "Soinu iturriak, hala nola, mikrofonoak, musika, ahots adierazpenak, publizitatea... ahalik eta txukunen josi behar ditut, eta irratsaioa errealizatu". Badu berezitasun bat bere lanak. "Zuzenean egiten dugu, eta berehalakotasunak asko zailtzen du dena".
Nola hasi zinen irratian lanean?
Musikari lotuta nenbilen, eta Ikus-entzunezkoetarako Soinua goi mailako zikloa ikasi nuen. Praktikak egin nituen irratian, eta pixkanaka sartu nintzen. Badira dagoeneko hamabi urte.
Oso desberdina al da lan hori musika munduan egingo zenukeenarekin?
Bai, erabat. Grabazio estudio batean kalitateak du lehentasuna. Hemen ere, garrantzia handia du, baina berehalakotasunak agintzen du. Esaterako, kontzertu batean soinu teknikari batek aurretik egiten du lan gehiena, probak egiten dituenean. Irratian datorrenari ahalik eta azkarren eta hoberen erantzun behar diozu.
Tentsio uneak izango dituzu, orduan.
Bai, batez ere albistegietan eta irratsaioen hasieran. Eta arazo bat dagoenean, noski; dei bat mozten denean, konexio batek huts egiten duenean...
Nola dira zuen lanaldiak? Irratsaio batzuei lotuta zaudete, edo zuen txandan daudenak egiten dituzue?
Nire lan ordutegian zuzeneko teknikari bezala nago. Irratsaio bat baino gehiago egiten ditut. 13:00etan hasten naiz albistegiekin, gero kirolak datoz...
Nola koordinatzen zarete kazetariekin?
Normalean gidoi baten bidez. Batzuetan izaten dugu aukera hau eta beste komentatzeko, baina ia beti saioa hasi baino minutu bat lehenago hartzen dut gidoia.
Irratia lehenagotik gustatzen zitzaizun?
Ez bereziki. Ikasten nengoela bagenuen irakasgai bat, eta hor hasi zitzaidan gustatzen. Hor sartu zitzaidan harra, eta orain zale amorratua naiz.
Denbora librean ere irratia entzuten duzu?
Bai, gero eta gehiago. Denetatik entzuten dut, gainera, baina normalean Euskadi Irratia. Beti arreta jartzen dut ea errealizazioa ongi egiten duten.
Zer gustatzen zaizu gehien irratitik?
Alde batetik, berehalakotasuna; unean bertan kontatzen dizkizu gauzak. Eta beste alde batetik, erraztasun handia du jendearen etxeetara sartzeko, gertukoa izateko. Askok oso gertuko sentitzen dute irratia; etxera deituko balute bezala hots egiten dute kontrolera, eta asko gustatzen zait hori.