"Albistegietako iruditik aparteko izaera dut"

Adrian Garcia 2019ko ots. 22a, 10:50

Asier Odriozola - Albistegietako kazetaria
Irratian hasi zuen bere ibilbidea Odriozolak. Telebistan aritu ondoren, orain berriro da mikrofono artean. Bi hedabideak ditu maite: "Ezingo nuke bien artean aukeratu"

Bide luzea du Asier Odriozolak (1968, Lasarte-Oria) irratigintzan; orain hogei urte baino gehiago hasi zen. Tartean egin du etenalditxo bat, albistegiak emateko ETBn. Irratira bueltatzeko aukera baliatu zuen orain gutxi.

Telebista edo irratia. Zer nahiago duzu?
Ezingo nuke aukeratu. Zure seme-alabetatik bat aukeratzea bezala litzateke. Biak maite ditut.

Lan egiterako orduan, zer desberdintasun nabarmenduko zenuke?
Telebista mamut handi bat da. Zerbait gertatzen denean pertsona eta material gehiago mugitu behar dira. Motelagoa da. Irratian telefonotxo batekin informatzeko aukera duzu. Ezkutuan zaude, eta askatasun gehiago ematen dizu. Misterio horrek bere xarma badu.

Misterio horretaz gain, zer da irratitik gehien gustatzen zaizuna?
Gauza desberdin asko egin ditzakezu. Jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu, eta hori asko estimatzen dut lan honetan, nire izaerarengatik. Eta, bestetik, telebistan ez bezala, dena ahotsarekin egin behar duzu. Keinuak ez, baizik eta entonazioa erabili behar duzu. Erronka horrek asko erakartzen nau.

Ahotsak badu zerbait berezia; errekonozitzen erraza da. Baten batek ezagutu al zaitu ahotsarengatik bakarrik?
Telebistarengatik ezagutu izanak ez nau harritzen, irudia hor dagoelako. Baina gehiago harritu izan nau inork ahotsarengatik ezagutu izanak. Telebistan beti oso dotore janzten zaituzte, eta agian txandalean zoazenean jendeak ez zaitu ezagutzen. Baina ahotsa nahastezina da.

Batez ere albistegiak egin dituzu, irratian eta telebistan. Beste motako irratsaioak egitea gustatuko litzaizuke?
Bai. Albistegiek baino gauza lausoagoek erakartzen naute. Ez dut aukerarik eduki, baina badaukat ere alderdi hori. Jende askok seriotzat hartzen nau, baina ez naiz hala. Oso juergista izan naiz; albistegietan ematen dudan iruditik aparteko beste izaera bat dut.

Nondik datorkizu irratizaletasuna?
Gure etxean aitak beti irratia piztuta zeukan, eta txiki-txikitatik entzuten nuen. Gaztetan ere gauetan entzuten nuen El loco de la colina Ser katean, ordu txikiak arte.

Teknologiak asko aldatu al du irratia egiteko modua?
Lana asko erraztu du. Baina xarma ere galdu du. Nik ezagutu ditut kaseteko grabazioak. Nire bizitzaren zatirik handiena sakelako telefonorik gabe egin dut. Gainera, lana kaletik atera du. Lehen kazetaritza errealagoa zen, kalean bertan aritu behar zinen. Orain kasik dena iristen zaizu erredakziora. Kazetari sentsazioa gutxiagoa da ziurrenik.

Erlazionatuak