Haur sahararrak udan hartzeko jende bila

Maitane Aldanondo 2019ko ots. 22a, 09:23

Mendebaldeko Saharako haurren udako egonaldiak kudeatzen ditu 'Oporrak Bakean' programak. Lasarte-Oriako norbanakoak nahiz familiak haurrak hartzera anima daitezen, espero dezaketenaren berri eman dute 'Orain bi familia ditut' hitzaldian

Txintxarri
Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekuetako egoera latzetatik etena egiteko aukera ematen die Oporrak Bakean programak 8-12 urteko haur sahararrei. Osasun azterketak egin, hobe elikatu eta indarrak hartzen dituzte bi hilabeteko egonaldian, basamortuko baldintza gogorretara bueltatzeko. Indarberritzeaz gain, errealitate berri bat ere ezagutzeko parada dute; jolastea eta lagunak egitea beste kezkarik ez dute.
Horretarako, ordea, uda haiekin partekatuko duten familia nahiz norbanakoen elkartasuna behar dute. Interesdunak badira ere, pausoa ematea kostatu ohi da. Urratsa egitera ausartu eta damutu ez zaienetakoak dira Alicia Garcia, Arkaitz Naya eta Monika Rosales lasarteoriatarrak.
Haurrentzako onuragarri den bezala, familientzat ere aberasgarria dela argi utzi zuten euren bizipenak partekatuta. Gozoa nabarmendu zuten, gazia ahaztu gabe. Rosalesek, kasu, Mohamed hiru oporralditan hartu zuen etxean. Elkar ezagutu zuten uneko ezinegona gogora ekarri zuen: haurrak negar egiten zuen, ezin zuten elkar komunikatu, ez zuen lasaitzen uzten... hartutako erabakia zalantzan jarri zuen. Egunek aurrera egin ahala ordea, denak hobera egin zuen, eta abuztua heltzerako, egoera erabat bestelakoa zen. Okendo plazako topagunean gainerako familiekin sortutako harremana oso lagungarria izan zitzaion. Bai kezkak, zalantzak eta frustrazioak partekatzeko bai elkarri babesa emateko. "Asko jaso dut Mohamedgandik. Oso zorioneko sentitzen naiz. Baita prozesuan ezagutu ditudanengatik ere".

Erabaki adostua
Argi utzi zuten ez dela familia eredu zehatz bat izan behar parte hartzeko. Garciak, esaterako, lagun batekin partekatu zuen ardura; uztailean berak, abuztuan, lagunak. Antolatzeko modua dena delakoa izanda, pertsona horrentzat denbora eta gertuko egitura bat izateko beharra nabarmendu zituen Nayak. "Erabakia familia osoak aho batez hartu behar du, konbentzituta, bestela arazoak egongo dira haurrak arreta behar eta eskatzen duenean".
Udalak zortzi haurren bidaia ordaintzen du urtero. Gero eta gutxiago datoz, baina beharra bere horretan mantentzen da. Oraingoz, hiru haurrek izango dute herrian udan pasatzeko aukera. Gainerakoei aukera eman nahi dietenek Mirentxueneko gizarte zerbitzuetan informazio gehiago jaso eta beharrezko izapideak egin ditzakete.

Erlazionatuak