Sahararekiko elkartasun egunak prestatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 10:31

Mendebaldeko sahararen aldeko jardueren aurkezpenean hainbat udal ordezkariren babesa jaso zuten antolatzaileek.

Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik 43 urte beteko dira hilaren 27an. Horren harira, elkartasun ekimenak egingo ditu Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin Bat elkarteak. Udalaren babesa jaso dute antolatzaileek

Mendebaldeko Saharako herriaren egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko helburuarekin Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin Bat elkarteak hainbat jarduera prestatu ditu. Haien berri eman zuen Tomas Arrutik, Salec Mohamed sahararrak, Monika Rosales Oporrak Bakean ekimeneko kideak eta Furia Beltza tabernako Oier Txoperenak lagunduta. Halaber, bere babesa adierazi zieten EH Bilduko Pablo Barrio eta Ahal du Lasarte-Oria Puedeko zinegotzi Alicia Garcia, Arkaitz Naya eta David Ares zinegotziek.

Udan haurrak hartzen dituzten familien kopurua murrizten ari dela-eta kezkatuta daude antolatzaileak. Izan ere, aurreko urteetan bost bat haur saharar etorri dira herrira; aurten, ordea, "oraingoz" bi besterik ez dira. Egoera iraultzeko xedez, Rosalesek bere bizipenaren berri emango du Orain bi familia ditut hitzaldian. Hiru urtetan haur bera ekarri du eta lekukoa hartzera animatuko ditu familiak. Asteazkenean, 19:00etan. 

Larunbatean, berriz, zapore sahararrak dastatzeko parada izango da Furia Beltza tabernan. Jarira, kuskusa barazkiekin, arkumea eta postrea jateko aukera izango da 15 eurotan, kafea eta edaria barne. Mahaira eseri nahi dutenek tabernan bertan izena eman behar dute. 

Azkenik, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 43. urteurrenaren harira, hilaren 27an elkarretaratzea egingo dute Maroko Saharatik at. Independentzia Sahararentzat lelopean. Asteartean, udalbatzarrak bere babesa adierazi zion jarduerari eta herrialdearen bandera zintzilikatuko du egun horretan udaletxean. Arrutik eskerrak eman zizkien udal ordezkariei elkarteak aurkeztutako mozioa babesteagatik. Lurralde okupatutetan gertatzen diren eskubide zapalketa, mugimendu askatasunaren mugaketa, nahiz baliabide naturalen legez kanpoko ustiaketa salatzen ditu idatziak, baita autodeterminazio eskubidea aldarrikatu ere.

Egitaraua

Asteazkena 20

• Orain bi familia ditut Hitzaldia, Oporrak bakean. Antonio Mercero aretoan, 19:00etan.

Larunbata 23

• Bazkari sahararra. Furia Beltza tabernan, 14:00etan.

Asteazkena 27

• Elkarretaratzea. Okendo plazan, 19:30ean.