Euskal Inauteriak ospatuko dituzte larunbatean

Txintxarri 2019ko ots. 20a, 15:04

Pertsonaia berria izango dute: Sugarbi. Guztiak batera Zubietatik aterako dira larunbatean. Martxoaren 1ean eta 4an, gazteei eta familiei zuzendutako 'Inahaldunak' egitasmoa izango da karpan: mozorro lehiaketa, musika eta ezustekoak

Euskal Inauteriak badatoz. Bihar, larunbata 23an, arratsaldeko 16:30etik aurrera, Zubietatik Lasarte-Oriara Euskal Inauterien desfilea egingo dute, gero herriko kaleetan zehar ibiliko dira. Amaieran xomorro guztiak irudikatzen dituen Kaxkamalo erreko dute, 19:00ak aldera.

Euskal dantzak eta etnografia bateratzen dituen ekintza horrek hainbat berrikuntza aurkeztuko ditu aurten. Pertsonaia berria izango da: Sugarbi. Xomorroak purifikatzen dituzten sugarrak irudikatuko dituzte horiek. Zaku eta larruekin joango dira jantzita, eta ikatzez belztuta. Desfilean txantxoekin batera ikusi ahalko ditugu, eta Kaxkamalo sutara botatzen protagonista izango dira. Une horretan gazteek sorkuntza koreografia bat dantzatuko dute, eta Lasarte-Oria xomorro eta gaitz guztiez garbituko dute. 

Halaber, txantxoen irteera lekua aldatuko dute. Orain arte, zubietarrak bakarrik ematen zioten hasiera Euskal Inauterietako desfileari. Zubietan dantza egin eta Hipodromoko zubiraino bidea egiten zuten; bertan Lasarte-Oriako txantxoek kalejirarekin bat egiten zuten. Aurten, aldizk, txantxo guztiak Zubietatik aterako dira dantzan. Hipodromoko etorbideko zubian Lasarte-Oriako Euskal Inauterien korporazioa izango dute zain, herritarrekin batera. "Zubietaraino joan nahi ez dutenek, zubian itxaron dezakete," ohartarazi dute antolatzaileek.

'Inahaldunak' Okendo plazan
Bestalde, inauteriak martxoaren 1etik 4ra egingo dituzte. Horretan ere izango dira berrikuntzak: Ttakun elkarteak antolatutako Inahaldunak egitasmoa programaren barruan sartu dute.

Gazteak eta familiak protagonista izango dira egitasmo horri esker. Batzuk ostiralean, martxoaren 1ean, eta besteak astelehenean, martxoaren 4ean.

Iaz Ttakun Kultur Elkarteak Mirentxuenean egindako ekintzak arrakasta handia izan zuen. Aurten, udala eta konpartsen onespenari esker, Antonio Mercero plazako karpan egingo da.
Martxoaren 1ean, ostiral mehean, 8-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako egitaraua izango da, 18:00etatik 21:00etara. Lehiaketarekin hasiko dute arratsaldea. Taldeka parte hartu beharko dute, eta dantza edo bertsoak abestu beharko dituzte oholtzan mozorroturik. Gehienez bost pertsonako taldeak izango dira.

Epaimahaiak bi sari banatuko ditu. Horretarako, originaltasuna eta sormena izango ditu kontuan. Herriko inauterietako gaia lantzeak (fikziozko pertsonaia), puntuak gehituko ditu. Izena ematea karpan bertan egingo dute, lehiaketa hasi baino lehen.Dantzaldia ere izango da, eta photocall berezi batean argazkiak atera edo mokadutxoa jateko aukera izango dute.
Familiek, aldiz, astelehenean, martxoaren 4an, izango dute hitzordua, 17:00etan. 2 eta 8 urte bitarteko haurren eta familien arteko harremana sustatzeko eguna izango da.

Mozorro lehiaketa, photocalla eta dantzaldia izango dute hauek ere. Lehiaketan belaunaldi desberdinen arteko kideak egotea hartuko da kontuan, baita herriko gaiarekin bat egitea ere.
Izena ematea aurretik egingo da, Ttakun kultur elkartean, 943 371 448 telefonoan edo aisia@ttakun.eus helbide elektronikoan.

Erlazionatuak

Konpartsen eguna, larunbatean

Txintxarri 2019 ots 20 Kultura