Kopako finala jokatuko du Realak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 17a, 18:24
Realeko jokalariak, 2-1ekoa ospatzen. Argazkia: Real Sociedad.

Anoetara joan diren ia 20.000 zaleen animoek hauspotuta, Erreginaren Kopako final handira sailkatu da Reala, Sevillari 3-1 irabazita. Iraia Iparragirre herritarra, min hartuta, ez du deialdian sartu Gonzalo Arconada entrenatzaileak

Maiatzak 11, larunbata. Egun oso handia izan daiteke. Hobe esanda, egun handia izango da. Erreginaren Kopako finala jokatuko du Realak egun horretan, Atletico Madrilen aurka, Granadako Los Carmenes futbol zelaian. Lehenengo aldia izango da txuri-urdinentzat.

Merezita sailkatu da talde donostiarra final handira. Sevilla baino gehiago izan da gaur Anoetan, eta argitasunez garaitu du, 3-1. Titulu bat irabaztetik partida bakarrera dago Reala. Valentzia, Rayo Vallecano eta talde andaluziarra utzi ditu bidean. Azken urratsa besterik ez zaie falta. Erronka zaila, Atletico Madril delako estatuko talde indartsuenetako bat, indartsuena ez bada. Final batean, ordea, faboritorik ez dago, gogo eta ilusioari dagokionez behintzat.

Partida hasteko modu hoberik ez dago: lehenengo minutuan sartu du 1-0ekoa Kiana Palacios aurrelariak. Aldeko abantaila kudeatzeko modu  okerragorik ez dago: hurrengo jokaldian jarri du banakoa markagailuan Sevillak. Hasiera zoro horren ostean, jaitsi egin dira bi taldeen bihotz taupadak eta orekatu egin da jokoa, Reala hobeto aritu den arren. Merezitako saria jaso du 25. minutuan. Martak bere atean sartu du 2-1ekoa. Emaitza horrekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.

Lasaitasunaren gola

Ordurako zeukaten abantaila gorde, edo areagotzen saiatu? Ogitartekoa jan bitartean zaleren batek galdera hori egin badio bere buruari, azkar ikusi du Realaren erantzuna zein izan den: erasora atera da Gonzalo Arconadak zuzentzen duen taldea. Ez dira minutu asko jokatu markagailua berriro aldatu den arte. Ane Etxezarretak bikain errematatu du ezker hegaletik zetorren erdiraketa bat, eta lasaitasunaren gola sartu du. 3-1ekoa. Granada, gertuago.

Azkeneko ordu erdian Mariasun Quiñones atezainak ez du lan gehiegirik egin behar izan, baina partidako geldiketa ikusgarriena berak egin du, Macaren jaurtiketa pozoitsua desbideratuz. Realak, orduan bai, bi goleko aldea gorde nahi izan du, eta lortu du, finalerako txartela poltsikoratuz. Iberdrola Ligan zentratuko da taldea orain. Seigarren postuan da egun.