Partidak bost minutu gehiago iraun izan balitu...

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ots. 11a, 11:09
Derbiaren une bat. REAL SOCIEDAD

Futbol partida ona eta giro hobea Anoetan: bina berdindu dute Realak eta Athleticek. Zuri-gorriak 0-2 aurreratu dira lehen zatian eta norgehiagoka berdindu dute donostiarrek bigarrenean. Iraia Iparragirrek azkeneko bost minutuak jokatu ditu

Partidak bost minutu gehiago iraun izan balitu... Realak irabaziko zuen ziur aski. Aukerak sortu zituelako hirugarren gola sartzeko, eta zuri-gorriek baino hobeto bukatu zutelako pasa den igandeko derbia. Ezin izan zuten bizkaitarren atea hirugarren aldiz zulatu, ordea, eta puntu batekin konformatu behar izan zuten. Ez da batere sari txarra, kontuan hartuta 0-2 galtzen joan zirena atsedenaldira. Iraia Iparragirre herritarra ez zen hasieratik aritu; azkeneko bost minutuak jokatu zituen.

Eguraldi kaskarra ez zen aitzakia izan, eta Anoetako harmailetan askoz ere eserleku gehiago zeuden beteta hutsik baino. 21.000 zale inguruk utzi zituzten eztarriak goiz hots eta euritsu horretan.

Berehala berotu ziren zaleak, partida ona eta emozioz betea izan zelako. Askoz hobeto zelairatu zen Athletic: hirugarren minutuan sartu zuen 0-1ekoa Garciak. Realak aukerak izan zituen neurketa berdintzeko, baina ez zuen asmatu. Lehen zatia bukatzear zela, bigarrena sartu zuten bizkaitarrek, kontraeraso bizkor batean.

Emaitza txar bat bigarren zatian iraultzeko urrezko legeetako bat da lehenengo gola ahalik eta azkarren sartzea. Esan, eta egin: Nerea Eizagirrek gol ederra sartu zuen 47. minutuan. Donostiarrek sortu zituzten abagune garbienak, eta merezitako saria jaso zuten 78. minutuan; Carla Bautistak sareetara bidali zuen Manu Lareoren erdiraketa bat.