Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailak Oria-Gain eremuan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena sinatu dute. Jesus Zaballos alkateak eta Ingurumen, Lurralde plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak aurkeztu dituzte hitzarmen berezi honen nondik norakoak.
Proiektu garrantzitsua dela azpimarratu dute bi erakundeetako ordezkariek. 100 etxebizitza izango dituen auzo berria sortuko da Oria-Gainen eta guztiak alokairu sozialera bideratuko dira. Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzak eta eskakizunak bete beharko dira eta aurreratu dutenez, lehentasuna izango dute Lasarte-Orian erroldatuak dauden pertsonek.
Izan ere, Lasarte-Oriako herritarren eskariari erantzuteko pausoetako bat baita proiektua, Zabaleta Berrin eta Zatarainen aurreikusiak dauden proiektuekin batera. Arriolak eskainitako datuen arabera, Etxebideren zerrendetan 648 lasarteoriatar daude eskatzaile modura; horietatik %71a alokairuko etxebizitza eskatu dute.
Bi erakundeetako ordezkariek hitzarmen hau gauzatu duen erakundeen arteko lankidetza nabarmendu dute eta Arriolak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko elkarlan hori funtsezkotzat jo du.
Alokairu sozialeko etxebizitzen sustapena baina haratago doala ere azaldu du Arriolak. Proiektua Europan 15 programara aurkeztu da. Europako lehiaketan Europa osoko hainbat kokaleku aukeratzen dira. Horietan Europa osoko 40 urte azpiko arkitektuek haien proiektuak garatzeko aukera dute. Oria-Gain izan daiteke horietako bat.
"Eremuak duen kokagunearengatik, landa eta industriatik gertu eta ezaugarriengatik programa honetara aurkezteko aproposa zela pentsatu genuen," jakinarazi du Arriolak.
Lasarte-Oriako udalak uzten duen orubeak 2,34 hektarea ditu eta desnibel handia du; beraz, auzo berria herriarekin lotzeko irisgarritasun irtenbideak behar ditu.
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2023an edo 2024an prest egongo lirateke etxebizitzak. Baina lan guztiak hasi baino lehen, Lasarte-Oriako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatu beharko duela jakitera eman dute, Oria-Gainen familia bakarreko etxebizitzak eraikitzea aurreikusten baitzen bertan.