Hirigintza ereduaren inguruan egin dute talka

Adrian Garcia 2019ko ots. 15a, 10:26
Udal zinegotziak, PSE-EEren alokairu sozialen aldeko mozioa bozkatzen.

Oposizioak auzitan jarri du udalerriko etxebizitza eredua, Zataraingo bideak sortutako arazoak baliatuta. PSE-EEk proposatutako alokairu sozialen mozioa aurrera atera da, ez, ordea, EH Bilduk aurkeztutakoa. Musika Eskolako arazoak azaleratu dituzte 

Ehun egun inguru falta dira udal hauteskundeetarako, eta eragina nabaritzen hasi da dagoeneko udalbatzarrean.  Oportunistak izatea leporatu diote elkarri alderdi politikoek, eta asko hazi da aktibitatea; bi ordu inguru iraun zituen joan den asteartekoak, eta, presaz sartutako mozioak kontuan hartuta, bederatzi puntukoa izan zen gai ordena. Galdera eta erreguen orduan ere izan da tirabira, Urnieta bideko baserritarrak kexatu baitira sarrera-irteerarako erabiltzen duten bide baten noranzko aldaketarengatik. 

Eraikuntzaren inguruan ardaztu da batzarra, bi moziok aurreikusten zutelako etxebizitza sozialak sortzea. Bi alderdi nagusiek, PSE-EEk eta EH Bilduk, aurkeztu dute proposamen bana. Baina ez dira ados jarri; norberak berea babestu du, eta bestearenaren aurka egin du.

Honenbestez, PSE-EEren proposamena atera da aurrera, aldeko hamar boto eta kontrako laurekin. Babes publikoko etxebizitzak alokairuan egiteko Oria-Gain lursaila Eusko Jaurlaritzari doan emateko hitzarmena onartu du batzarrak. Ehun etxebizitza egingo dituzte. 

Alokairu sozialak

Bestalde, EH Bilduk proposatu du Hipodromo etorbidean udalak dituen 39 etxebizitza berrirekin alokairu soziala bultzatzeko udal parke publikoa egitea, baina bakarrik geratu da. 

Udalerriaren urbanizazio ereduaren ingurukoa izan da eztabaida nagusia. Horretan talka egin dute Agustin Valdivia PSE-EEko Hirigintza zinegotziak eta Pablo Barrio EH Bilduko ordezkariak. "Sustatzaileen mesedeetan eginiko politika" salatu du Barriok. Valdiviak, ordea, leporatu dio alkate izandako garaian alokairu sozialik ez bultzatzea. 

EAJk aurkeztutako bi mozioek ere zerikusia dute eraikuntzarekin. Batetik, eskatu du Kotxerasko TSSTko eraikina botatzeko agindua bertan behera uzteko, eraikin historikoa delako. Baita Urnieta bideko bizilagunentzako bidearen noranzkoa aldatzea ere. Halere, nahiz eta EH Bilduren babesa izan, ez da nahikoa izan aurrera egiteko, PSE-EEk aurka bozkatu eta ADLOP Ahal Dugu Lasarte-Oria Puede abstenitu egin delako. 

Edonola ere, udalbatzarrak izan ditu adostasun guneak. Esaterako, aho batez onartu dute Sahararen aldeko manifestua, Euskal Herriko Lagunak Sahara Mendebaldearekin Bat elkarteak eskatuta. Baita Musika Eskolako  ikasle eta gurasoena ere, udalerriaren tamainaren araberako eskola bat izatea eskatzeko. Izan ere, biztanlerian pareko diren beste herriekin alderatuta, eskasa da eskolak eskaintzen duen zerbitzua.