Mende laurdeneko errezetarekin, eskultura

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 20a, 18:26
Duela 25 urte ireki zuen Martin Berasategi sukaldariak Lasarte-Oriako jatetxea. Bere ibilbidea eta ekarpena aitortze aldera, eskultura egin dio Julian Toquero artistak. Gaur inauguratu dute

Kazetarien galdera: "Urduri al zaude, Martin [Berasategi]?". Eta sukaldariaren erantzuna: "Inoiz baino gehiago". Bizitza erdia baino gehiago darama su eta zartagin artean Martin Berasategi sukaldariak. Profesional zaildua da, gaztea oraindik, baina beteranoa. Ume txiki baten ilusioa ikusten zitzaion gaur begietan. Ez da gutxiagorako: duela mende laurden ireki zuen jatetxea Lasarte-Orian; haren ekarpena eta ibilbidea omentze aldera, eskultura egin dio Julian Toquero artista lasarteoriatarrak. Gaur inauguratu dute. Jendetza etorri da ekitaldira: familia, lagunak, lankideak eta Lasarte-Oriako Udaleko korporazioko hainbat kide, besteak beste.

Erketz EDTko dantzari Alba Baylek eta Iñaki Latiegik agurra dantzatu diote aurrena. Inaugurazioan parte hartzeaz gain, dantza taldearen 50. urteurreneko azken ekintzarako berotu dute. 18:00etan hasiko dira, Okendo plazan. Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza gero: "Eskerrak eman behar dizkiogu Martin Berasategiri, bere jatetxeak nazioartean ezagun egin baitu Lasarte-Oria". 1981ean Bodegon Alejandro familiaren negozioan hasi zen lanean sukaldaria; hamabi urte beranduago erabaki zuen gure herrira etorri eta bere izena daraman jatetxea irekitzea.

Alkatearen hitzen ostean, gehiago itxaron gabe, eskultura utzi dute agerian, teloi gorria bien artean altxata: sukaldariaren argazki bat, eta laranja koloreko plaka moduko bat. Bertan irakurri daiteke Martin Berasategi parkea, Lasarte-Oria esaldia. Sukaldariaren izen-abizenak islatzeko erabilitako letra tipo bitxia nondik datorren esplikatu du sukaldariak: "Nire aitak ezin izan du ikusi noraino iritsi naizen sukaldearen munduan, baina beti daramat nirekin, nire jakatxoan eta eskultura honetan irakur dezakezuen Martin Berasategi hori bere letrarekin dagoelako idatzita". Sukaldariaren izena eta marka mundu mailara hedatu dira: Bartzelona, Tenerife, Punta Cana eta Mexiko, besteak beste. Lasarte-Oriakoa bereziki maite du: "Argi eduki dut beti proiektu hau aurrera ateratzeko ez niola izerdi tanta bakar bat ere botatzeari utziko". 

Zortzi Michelin izar pilatu dituzte Berasategiren jatetxeek. Donostiako Urrezko Danborra irabazi zuen 2005ean, eta beste hainbat aitortza jaso ditu urteotan. Bakar bat ere ez gaurkoa bezalakoa, berarentzat oso berezia den herrian, Lasarte-Orian: mende laurdeneko errezetarekin, eskultura.

Argazki galeria

LOTUTAKO ALBISTEAK

Martin Berasategi: "Sukaldean gozatu egiten dut"