Jagoba Mendizabal: “Inprobisatzeko eskatzen ziguten”

martin-vicioso 2016ko mai. 20a, 11:30
Aktore lanetan lehenengo esperientzia izan du Jagoba Mendizabalek ‘Aundiya’ filmean. Migel Joakin Elizegiren, Altzoko Handiaren, anaia gazte Isidroren papera interpretatuko du Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduko duten lanean. Esperientzia berria izan da berarentzat, baina ez du uste aktore izaten jarraituko duenik. Halere, ez dio zinemaren munduari ateak guztiz itxi.

Altzoko Handiari buruzko istorioak askok entzun dituzte. Halere, oso gutxi dakigu Migel Joakin Elizegiri buruz. 2 metro eta 43 zentimetro neurtzen zituen, eta zirkoko ikuskizuna balitz bezala, munduko toki askotan erakutsi zuten.

Moriarti ekoizpen etxeak –‘Loreak' eta ‘80 egunean', besteak beste– Elizegiren bizitza pantaila handira eramateko apustua egin du, Aitor Arregiren eta Jon Garañoren zuzendaritzapean. Aktoreen artean lasarteoriatar bat dugu: Jagoba Mendizabal. 17 urteko gaztea lehen aldiz jarri da kamara aurrean eta Altzoko Handiaren anaia gaztearen papera interpretatu du.

Aktore kasualitatez

Mendizabalek inoiz ez zuen pentsatu film batean agertuko zenik. Aitortu duenez, ez da “bereziki zinemazalea”. Irakasle baten bitartez aurkeztu zen kastinera. “Lagun batek esan zion –irakasleari– profil zehatz baten bila zebiltzala, eta niri eta beste pare bati komentatu ziguten aukera”. Donostian frogak egin, eta handik gutxira jaso zuen deia. Isidro antzeztuko zuen ‘Aundiyan’, protagonistaren anaia gaztea, hain zuzen.

Ikusmina sortu du ‘Aundiyak’. Moriarti ekoizpen etxeak arrakasta izan du azken urteetan; batez ere, ‘Loreak’ eta ’80 egunean’ filmekin. Urtero ez dute Oscar sarietako hautagaitza borrokatuko, baina Euskal Herritik kanporako errekonozimendua lortzeak exijentzia handitzen du.

Mendizabalek, gehienbat, hasieran sumatu zuen “urduritasuna”. “Grabaketa hasi aurretik zuzendariek aktoreekin hitz egin zuten banan bana. Ez kezkatzeko esaten ziguten”. Ordutik aurrera, “eroso” ibili dela nabarmendu du. Dena den, ez du aktore lana ofizio bilakatzeko asmorik momentuz. “Beste kasting baterako deituko balidate, agian joango nintzateke, baina ez dut paperak bilatzen aritzeko asmorik”.

Esperientzia bikaina

Pozik agertu da egindako lanarekin. Zinemaren mundua bertatik bertara ez zuen ezagutzen, eta film bat barrutik nola egiten den ikusteko balio izan dio. “Lehenengo egunean dena egin zitzaidan arraro, baina ez zitzaidan gehiegi kostatu ingurugirora ohitzea”.

Gidoiak ikasten arazo handirik ez du izan, batez ere, inprobisazioa landu baitute. “Egoera batzuetan jarri gintuzten eta hortik aurrera inprobisatu egiten genuen beste pertsonai batzuekin batera. Ez genuen elkarrizketa handirik ikasi behar”. Eszenaren bat gaizki ateraz gero, ordea, behar den guztietan errepikatzen dituztela azaldu du.

Mendizabal, esan bezala, Isidro izango da ‘Aundiyan’. Hasieran, 8 urte izango ditu eta, beraz, ez da agertuko ekoizpenaren lehenengo zatian. Beranduago sartuko da lasarteoriatarra, Isidrok 17 urte inguru betetzen dituenean. Halaber, tarte batean ez da istorioan izango. Izan ere, Migel Joakin Elizegi bere anaia Martinek lagundu zuen bidaietan.

Aktore esperientziadunekin egin du lan Jagoba Mendizabalek ‘Aundiyan’. Goenkale bizitza luzeko telesailean aritutakoak dira bi protagonista nagusiak: Eneko Sagardoy –Altzoko Handia– eta Joseba Usabiaga –haren anaia Martin–.

Haiekin lan egin izanak “asko” lagundu dio. Azpimarratu du “erlazio ona” eduki duela haiekin lehenengo momentutik, eta haiei esker “asko ikasi duela”. Besteak beste, “inprobisazio egoerei hobeto aurre egiten”.

Grabaketa

Lehenengo aldiz, filmak nola grabatzen diren ikusteko eta bizitzeko aukera izan zuen lasarteoriatarrak. “Nik uste nuen azkarrago joango zela dena, baina arreta handiz egiten dituzte gauzak, eta eszena bakarra grabatu ahal izateko egun osoa hartu dezakete”.

Filmatze egunetan lanean ari den jende kopuruak ere “harritu” egin zuen. Aktore gazteak nabarmendu duenez, kamara atzean langile ugari egoten da “xehetasun guztiak kontrolatzen”.

XIX. mendean oinarritutako istorioa da ‘Aundiya’. Horrek “eragin handia” eduki du jantzietan, makillajean edota dekoratuetan, esaterako.

“Baserri giroan kokatuta egonik, nik uste dut zaila izango zutela filmaziorako eraikin aproposak aurkitzea. Etxe oso zaharretan grabatu dugu, garaia ahalik eta hobekien irudikatzeko”.

Euskal Herriko leku askotan egin dute filmazioa. Halere, Mendizabalek Beizaman eta Ezkio-Itsason grabatutako sekuentzietan hartu du parte. Horietaz gain, Bilbon, Biarritzen, Donostian, Hondarribian, Zerainen edota Altzon bertan aritu dira lanean.

Hizkuntzari dagokionez, aldaketa handirik ez du egin behar izan Mendizabalek. “Altzon eta Lasarte-Orian ez dugu berdin egiten euskaraz, baina ez dago desberdintasun handirik”. 

Adibidez, Eneko Sagarduy filmeko aktore nagusiak, Durangarra izaki,  aldaketa handiagoak egin behar izan ditu. “Bere hizkera moldatu du”, beti ere eroso dagoen erregistroa mantenduz.

Efektu bereziek garrantzia handia izango dute Garañok eta Arregik zuzendu duten filmean. Izan ere, euskaraz egiten duten 2 metrotik gorako aktore asko ez daude. Horregatik, Eneko Sagardoy handitzeko baliabide teknikoak erabiliko dituzte.

Mitoa eta errealitatea

Lehenago aipatu bezala, Migel Joakin Elizegiri buruz ez dakigu asko. Horregatik, “ezagunak diren datuak errespetatu dituzte, eta horien gainean istorio bat asmatu dute”.

Garaño zuzendariak berak aitortu duenez, “askotan istorio kontraesankorrak iritsi zazkigu Altzoko Handiari buruz”.

Ezaguna zuen pertsonaia Mendizabalek grabaketa hasi aurretik. “Etxean adituta nuen Altzoko Handiari buruzko istorio bat edo beste, baina egia da filmarekin hastean gehiago ezagugtu dudala”.

Ez da Elizegiri buruz egiten den lehenengo lana. 2010ean Koldo Izagirrek eta David Azurzak “Altzoko Haundia” opereta taulagaineratu zuten, baina umeei zuzendutako lana izan zen gehienbat.

Euskal zinemaren gorakada

Gero eta gehiago dira euskaraz arrakastatsuak diren filmak. ‘Loreak’ eta ‘Amama’ lanek Euskal Herritik kanpora zeresana eman dute. Nominazio eta sariak irabazteak, dudarik gabe, ospea ematen du, baina diotenez “ez da nahikoa”.

Mendizabalen ustez “lan ona egin da azken urteotan, eta aurrekoak arrakasta izateak ateak irekiko dizkie atzetik datozenei”.

Euskarazko beste proiektu batzuekin alderatuz, inbertsio handia egin dute ‘Aundiyarekin’. Jon Garañok azaldu zuenez, “buruhauste handiak izan zituzten aurre-ekoizpen lanetan”. Dena den, “prest” daudela nabarmendu du zuzendari donostiarrak.

Mendizabal, aitortu duenez, ez da “oso zinemazalea”. Goenkale telesaila ikusi izan du eta, beraz, gogoko dituen aktore gehienak bertatik pasatakoak dira. Gogokoenarengatik galdetzean,  Ramon Agirre nabarmendu du.

Oraindik ez dugu datarik ‘Aundiya’ zineman ikusi ahal izateko, baina 2017an estreinatzea espero dute egileek. Dudarik gabe, filmak datorren urteetan zeresan handia emango du euskal zineman eta, nork daki, agian kanpoan ere. Lasarteoriatar bat, Jagoba Mendizabal, bertan izango dugu.