Lasarte-Oriako Udalak duela hilabete batzuk atzera eman zuen Atsobakarreko lursailetan kirol proiektu bat abiatzeko asmoaren berri. Eremu denak, ordea, ez dira bere jabetzakoak: 5.551 metro karratuko partzela bat Usurbilgo Udalarena da (beste biak, 7.875 metrokoa bat eta 12.216koa bestea, Lasarte-Oriakoarenak). Udalak mozio bat onartu zuen uztail amaieran, Usurbili eskatuz eremu hori uzteko, aipatu proiektua gauzatu ahal izateko. Azaroko udalbatzarrean, Usurbilek gaia landu eta erabaki zuen lagapen horri baiezkorik ez ematea.
Horren aurrean, Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso Kirol zinegotziak eta Agustin Valdivia Hirigintza zinegotziak agerraldia egin zuten atzo goizean. Zaballosek jakinarazi zuen kirol proiektuarekin "aurrera" jarraituko duela Udalak: "400 metroko atletismo-eraztun bat eta futbolean zein errugbian aritzeko zelai bat eraikitzea da asmoa. Hasierako proiektuan harmailak egitea ere aurreikusten genuen, baina Usurbilek bere lursaila uzteko asmorik ez duenez, moldaketak egin behar izan ditugu eta herren jaioko da". Gauzak horrela, banaketa hau egitea aurreikusten du Udalak: 7.875 metro koadroko eremuan (oso-osorik erabiliz) eta 12.216koko zati handienean eraztuna eta zelaia eraikiko lituzke. Era berean, aldagelak, komunak eta materiala gordetzeko gunea ere 12.000 metro koadro pasatxoko zatian sartuko lirateke. "Futbol eta errugbiko konpetizio ofizialak Michelinen jokatuko lirateke, orain arte bezala, eta zelai berria entrenatzeko erabiliko genuke; atletismoaren kasuan, aztertu beharko genuke ea bideragarria den harmaila eramangarri batzuk erostea, konpetizio egunetarako".
Alkateak aipatu zuen Atsobakarreko proiektua idazteko pleguak atera direla jada eta "aurki" lizitatuko dela, baina ezin dutela epe zehatzik eman, lursailetako 17.000 metro koadro pasatxo horiek Lasarte-Oriarenak izan arren, Usurbilgo udal barrutiarenak direlako. Horrek esan nahi du Usurbilgo Udalak eman behar dituela lanak egiteko lizentziak. "Azaroko udalbatzarreko erantzunean adierazi zuten ez zutela jarriko oztoporik gure herriarenak diren lursailetan kirol ekipamenduari dagokion prozedura urbanistikoa abiatzeko, beti ere horri dagozkion forma eta arauak betez gero; espero dugu hala izango dela, baina lizentziak emate horrek luzerako jo dezake", adierazi zuen Zaballosek.
Atsobakarreko kirol instalazio horiek ez dira Udalak aurreikusten dituen aldaketa bakarrak. Udal Kiroldegiko instalazioak berritu eta tokiz aldatzeko asmoa ere badu: "Gaur egungo atletismo pisten eremu horretan jarriko genituzke kirol instalazio horiek, pilotalekua mantenduz baina bertako harmailak kenduz; hori bai, Atsobakarrekoa guztiz bukatuta eduki arte ez ginateke hasiko lan horiekin", azpimarratu zuen alkateak.
Atsobakarko lanak zein Udal Kiroldegikoak egiteko Aldundiak ematen duen diru-laguntza lerro bat lortzeko lehiaketan sartu gura du Udalak, Zaballosek aurreratu legez: "Hiru urterakoa izango da, 2017tik 2019ra artekoa; halere, prozesua atzeratu egin denez, ez dakigu garaiz ibiliko garen; kalte ekonomiko nabarmena eragingo dio horrek Lasarte-Oriako Udalari". Horrez gain, lanak finantzatzeko "bankuei krediturik eskatu behar ez izateko", Udalak "operazio urbanistikoa" gauzatuko du: "Gaur egungo Udal Kiroldegiko lurrei izaera aldatuko diegu, kirol ekipamenduetarako izatetik urbanizagarri izatera; ez dugu Udala zorpetu nahi".
Buruntzaldeako kirol hitzarmena, kolokan
"Buruntzaldea osoarentzat dira onuragarriak Atsobakarren eraiki gura ditugun kirol instalazioak, baita Usurbilentzat ere", zehaztu zuen alkateak. "Ezin dugu onartu oztopoak jartzen dizkigutenek gero onura ateratzea bertatik, eta, horregatik, Usurbilgo Udalak oztopoak jartzen baditu obrak egin bitartean, instalazioak bukatzen ditugunean salatu egingo dugu Buruntzaldeako kirol hitzarmena eta horretatik atera egingo gara: Usurbil, Andoain eta Urnietako erabiltzaileek ezingo dute Atsobakarreko kirol ekipamendua erabili".
"Gaur egungo kirol hitzarmenaren baitan gauden lau udalerrietatik [Hernani atera egin zen duela zenbait urte], Lasarte-Oriak jasotzen ditu gainontzeko udalerrietako erabiltzaile gehien", gehitu zuen.
Usurbilen erantzuna
Arestian esan bezala, Usurbilgo Udalak azaroko udalbatzarrean eman zuen gai honi buruzko deliberoa, hiru puntutan banatuta. Honela dio: "1- Usurbilgo Udalak ez du eragozpenik ikusten Lasarte-Oriako Udalak jabetzan dituen lurretan kirol-ekipamenduari dagokion prozedura urbanistikoa bideratzeko, betiere prozedura horrek eskatzen dituen formak eta arauak betez gero. 2- Usurbilgo Udalaren jabetzako lursaila ekipamendu horretarako uzteko eskaerari dagokionez, derrigorrezko baldintza iruditzen zaigu bertara joateko oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna bermatzea. Hori horrela ez denez, arduragabekeria handia litzateke gure aldetik kirol-gune bat sustatzea, Usurbilgo herrigunetik bertara iristeko modu seguru bakarra ibilgailu motordunen bidezkoa denean. Hortaz, udal honek ezin dio baiezkorik eman lagapen horri. 3- Horrelako kirol azpiegituren garapenak aukera egokia eskaintzen du, lankidetza instituzionala praktikara eramanez, denontzat onuragarriak diren ekipamenduak eraikitzeko, jasangarritasunaren eta oreka urbanistikoaren printzipioei eutsiz. Aukera hori hor dago, eta Usurbilgo Udalak prestutasun osoa du oraindik ere horretan inplikatzeko".
Bidegorria
"Usurbilgo Udalak oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna bermatzea ezinbestekotzat jotzen du bere jabetzako lursaila uzteko, baina udalerri arteko bidegorri bat eraikitzea ez da Lasarte-Oriako Udalaren eskumena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena baizik", esan zuen Zaballosek. "Ezin dugu onartu gure konpetentziakoa ez den azpiegitura bat eraikitzea eskatzea kontraprestazio bezala".
Bestalde, zehaztu zuen bidegorri proiektu bat diseinatua dagoela honezkero: "Urbileko biribilgunetik hasi, Michelin aldera joan, billen ondotik pasa eta batetik Txiki Erdirekin lotzen duena, Usurbilgo noranzkoan, eta, bestetik, Oria ibai ondoko pasealekura arte iristen dena. Diputazioak diru-partida bat sartzea aurreikusten du 2017ko aurrekontuetarako. Diputazioak 300.000 euro inguru ordaindu beharko lituzke; Usurbilek, 150.000; eta Lasarte-Oriak, 60.000 inguru".
"Ezezkoa, ezezkoa emateagatik"
Alkatearen aburuz, Usurbilgo Udalak "ezezkoa emateagatik soilik" hartu du euren jabetzako lursaila ez uzteko erabakia. "Euren lursailak 5.500 metro koadro inguru ditu, baina denak ez dira aprobetxagarriak, bidegorriari metro batzuk utzi zaizkiolako eta, bestalde, trenbidetik distantzia bat ere mantendu behar delako; bestalde, izaera ezin diote aldatu, kirol ekipamenduetarako izan beharko dute soilik. Konpostaje planta bat egitea proposatu zuten, baina ezin dute han egin".
"Erabakiaren berri emateko Xabier Arregi alkatearen dei baten zain egon naiz, baina ez dut jaso; e-postaz iritsi zaigu kopia bat", aipatu zuen alkateak. "Hilabeteotan hainbat aldiz hitz egin dugu gaiari buruz Usurbilgo Udalarekin, hizketaldien tonua zuzena eta adeitsua izan da beti, baina gaiarekiko hartu duten jarrerak atsekabetu egin gaitu, lasarteoriatarrentzat funtsezkoak eta usurbildarrentzat erabilgarriak liratekeen instalazioak geratzen ari baita. Usurbilek, partzelak uzteaz gain, ez luke ezer gehiago jarri beharko, gainerakoa Lasarte-Oriako Udalaren kargura joango litzateke; are, konpromisoa zegoen usurbildarrek kiroldegia astean bitan erabiltzeko aukera emateko ", gehitu zuen.
"Lasarte-Oriako Udalak ez dio aterik ixten akordioari; proiektua aipatutako baldintzetan idazteari ekin arren, Usurbilek bere jarrera birplanteatzea espero dugu, zelaia lehiaketa ofizialetarako baliagarria izan dadin beharrezkoak diren harmailak egin ahal izateko", adierazi zuen bukatu aurretik.