Kirolgune berria egite bidean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 6a, 13:00
Froilan Elespe parke botanikoaren eta Urbil gune komertzialaren arteko eremua erabili nahi du Lasarte-Oriako Udalak kirolgune berria egiteko. Usurbilgo lursaila denez, alkate Jesus Maria Zaballos eta hirigintzako zinegotzi Agustin Valdivia bertako alkate Xabier Arregirekin bilduko dira proposamena aurkezteko.

Kirol ekipamendua hobetzeko programaren barnean gune berria eraiki nahi du Lasarte-Oriako Udalak.

Atsobakar auzoko Froilan Elespe parke botanikoaren eta Urbil gune komertzialaren arteko eremua erabili nahi du horretarako.

Usurbilgo Udalarekin bilera egingo dute hurrengo egunotan. Lursailaren jabetza eurena da eta, beraz, haiekin akordioa lortu beharko dute proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Futbol zelai berria

Helburu nagusia Atsopbakarren futbol zelai berria eraikitzea da. Herriko talde ugarik erabiltzen du Mitxelingoa, eta ordutegiak banatzea ez da erraza izaten. 

Iaz egin zuen Lasarte-Oriako kirol egoeraren diagnostikoa Udalak, eta gune gehiago behar zituztela ondorioztatu zuten talde gehienek.

Futbol zelaiaren inguruan, harmailak jartzeaz gain, atletismoko pistak ere jarri nahi dituzte Atsobakarren. Hala,  Mitxelingo eremuan kiroldegi berria egingo lukete etorkizunean.
Izan ere, Udalaren ustez, egungo kiroldegia zaharkituta geratzen ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol ordezkari Denis Itxaso bertan bisitan izan zen urrian. Adierazi zuen “bazitekeela kiroldegia bere bizitzaren amaierara iritsi izana, eta laguntza tekniko eta ekonomikoak emateko aukerak aztertuko” zituztela.

2016ko aurrekontuetan kiroldegi berriaren diseinua kontuan hartuko zutela nabarmendu zuen Jesus Maria Zaballosek.

Udal ordezkariek azaldu dute herritarren “nahia” beteko dutela proiektu hau aurrera eramatean.

Baimenaren zain

Esan bezala, proiektua Usurbilgo Udalari aurkeztuko zaio, eta haiek eman beharko dute hurrengo urratsa. 

Baimena emanez gero, aurrera jarraituko luke proiektuarekin Lasarte-Oriako Udalak. 

Ez dute datarik zehaztu oraindik. Lursaila erabiltzeko baimena ezinbestekoa baitute edozein obra egin ahal izateko.

Diseinua eta obraren esleipena zehaztuko lituzkete ondoren.  Edonola ere, epe ertainean ekingo liokete eraikitzeari.