2017ko udal-tasek %1,3ko igoera orokorra izango dute

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 9a

Korporazioko kideek ohiko udalbatzar saioa egin zuten atzo arratsaldean. Besteak beste, 2017ko ordenantza fiskalak onartu zituzten, bederatzi aldeko bozka (PSE-EE eta EAJ), aurkako bost (EH Bildu eta PP) eta bi abstentziorekin (LOAD). Horrez gain, Somoto auziari buruz ere aritu ziren. EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eta EAJk eta LOADek gehitutako emendakin gehigarri bat onartu ziren.

Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu zituen udalbatzarrak atzoko ohiko saioan. Horietan %1,3ko igoera orokorra ezarriko zaie udal-tasa eta zergei, "FUNCAS Aurrezki Kutxen Fundazioak 2017rako KPIari buruz egindako aurreikuspena oinarritzat hartuz", Jesus Zaballos alkateak jakinarazi zuenez. "Orain dela urte askotatik aplikatzen da indize hori, eta horrekin jarraitu dugu", gehitu zuen.

Aipatu ordenantzetan badaude hainbat berrikuntza. Esaterako, aulki, mahai eta erakusleihoen okupazioaren tasan."Herriko erdigunetik kanpo" dauden komertzioek %25eko hobaria izango dute. "PERCO Komertzioen Erreforma Plan Bereziari jarraiki erabaki da erdigunean dauden establezimenduak zeintzuk diren; horiek tasaren %100 ordainduko dute. Herriko komertzioen erdiak bertan daude", adierazi zuen alkateak. Kaleak hauek dira: Geltoki kalea 1-23 eta 2-16, Hipodromo Etorbidea 1-3 eta 2-8, Iñigo de Loiola 1-7 eta 2-8, Kale Nagusia 1-21 eta 2-18, Pablo Mutiozabal 1-9 eta 2-6, Pintore 1-5 eta 2, Sagardotegi 1-3 eta 2-6 eta Uistin 1-11.

Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, familia ugariek hobariak izango dituzte. Segun eta zenbat kide dituen familiak, portzentajea aldatu egingo da. Bi daude: %50 edo %70 (ondasun higiezinen gaineko zergan ere horiek dira hobariak). Horri lotuta, ibilgailu elektrikoak dituzten herritarrek %70eko hobaria jasoko dute eta hibridoak dituztenek, %40. "Ezaugarri horiek dituzten autoen erosketa sustatu nahi dugu neurri horrekin", zehaztu zuen Zaballosek.

Kirol arloari dagokionez, herriko taldeetan diharduten kirolari federatuek abonu berezi bat (beste biak ez dira aldatzen, bakarkakoa eta familia osoarena) egin ahalko dute herriko kirol instalazioak erabiltzeko: "Kirolariek %30eko deskontua izango dute abonuan, baina instalazioak entrenamendu ordu eta egunetan besterik ezingo dituzte erabili; futbolean aritzen bada, Michelingo zelaia, eta igeriketa egiten badu, kiroldegiko igerilekua, esaterako". Horrez gain, kirol instalazioak euren kasa erabili ezin dituzten pertsona elbarriak laguntzen dituzten pertsonak doan sartu ahalko dira bertara.

Uraren tasa ere %1,3 igoko da, baina estolderiarena berriz, %0,2. Hondakinen gainekoa, %4. Zinemarako sarrerak ez dira igoko, eta tutoretzapeko pisuen gaineko zerga jaitsi egingo da. Langabeentzat %10eko hobaria ere berreskuratu egin da; langabetu txartela erakutsi beharko dute onura hori baliatu nahi dutenek.

Bozketa eta alderdien argudioak

Ordenantza fiskalak onartu ala ez erabakitzeko bozketaren emaitza honakoa izan zen: bederatzi aldeko bozka (PSE-EE eta EAJ) jaso zituen, bost aurkako (EH Bildu eta PP) eta bi abstentzio (LOAD; berez hiru zinegotzi ditu korporazioan, baina Arkaitz Naya ez zen atzoko saioan egon). Ondoren, alderdiek euren bozkaren argudioak azaldu zituzten, korporazioan dituzten kide kopuruaren araberako ordena jarraituz.

PPko bozeramaile Alejandro Saenzek adierazi zuenez, oposizioari "oso denbora gutxi" eman zaio ordenantzak lantzeko: "Hasieran astebete, eta gero 11 egun". Horrez gain, zehaztu zuen tasa eta zergetan aplikatuko den igoera orokorra "KPIaren oso gainetik" egongo dela: "Zerga eta tasak izoztea proposatu dugu, igoerarekin herritarrak are gehiago pobretzen ari direlako. Sakonki hausnartu behar dugu etorkizunean emango ditugun udal-zerbitzuen nolakotasunari buruz; jarduera ekonomikoaren gaineko zergarekin, adibidez, ez zaie mesede egiten herriko komertzioei", gehitu zuen.

Estitxu Alkortak hitz egin zuen EAJren izenean. Aipatu zuen ordenantzak lantzeko "nahi baino denbora gutxiago" eduki dutela, eta datorren urtean "lehenago" abiatu beharko litzatekeela prozesua. Alderdi jeltzalea "pozik" agertu zen, "zerga eta tasak ez direlako igoko urteko KPIa baino gehiago", eta ekonomia sustatzeko eurek proposatutako "hainbat neurri" onartuak izan zirelako; adibidez, herriaren zentrotik kanpo dauden komertzioek jasoko duten %25eko hobari hori. "Udalaren jardunerako funtsezkoa da ordenantzak onartzea, eta zenbait neurrirekin ados ez gauden arren, langabeek jasoko dituzten hobariekin adibidez, eman daitezkeelako oso egoera bidegabeak zenbait kasutan, lehenetsi dugu horiek onartzea gure aldeko bozkaren bitartez".

EH Bilduko bozeramaile Pablo Barriok hartu zuen hitza ondoren. "Agian ez da aurka bozkatzeko arrazoi oso pisuzkoa, baina joera bat adierazten du: guk proposatutako emendakin denak baztertu egin dituzte", adierazi zuen. Arrazoi gehiago ere eman zituen. Kultur etxeko auditorioa erabiltzeagatik ordaindu behar diren "tasa altuak", esaterako: "Duela bi urte hobari batzuk onartu genituen, udaletxearentzat gastu handiagoa suposatu arren, balantzan jarri eta lehenetsi genuelako herriko jarduera sustatzea eta laguntzea; gaur egungo udalak aurkako jarrera du, lagundu beharrean, bidean oztopoak jarriz. Herri bat ez dute soilik etxeek osatzen, haren jarduerak ere bai: herri bat sentimendu bat da". Zaborren tasaren %4ko igoeraren tasa ere gaitzetsi zuen Barriok: "Honek erakusten du hasiak garela Zubietako errauste planta ordaintzen; ondorioak osasun arloan bakarrik ez, ekonomikoan ere nabarituko ditugu, hipotekatua geratuko baita Lasarte-Oria". 

Jesus Zaballos alkateak PP eta EH Bilduri erantzun zien. Saenzi ohartarazpen bat egin zion: "Udalak etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnartzeko eskatu aurretik, komenigarria litzateke udaletxetik gehiago agertu eta komisio zein batzar gehiagotara etortzea". Koalizio abertzaleari, berriz, "arduragabekeria politikoa" egotzi zion, ordenantzen aurka bozkatzeagatik: "FUNCASek KPIari buruz egiten duen aurreikuspena hainbat urtetan daramagu oinarritzat hartzen zerga eta tasak moldatzeko; EH Bildu udal gobernuan egon bitartean guk ez genuen inoiz aurka bozkatu, aurretik ere alderdi sozialistak irizpide hori erabili zuelako hainbat urtetan".

Alderdien emendakinak, bertan behera

Korporazioa osatzen duten alderdi politikoek hainbat emendakin aurkeztu zizkioten ordenantza fiskalen dokumentuari atzo arratsaldean: zortzi EH Bilduk, bost PPk, bi LOADek eta bat EAJk. Pleno aretoan bakoitza aurkeztu eta eztabaidatu ostean, bertan behera geratu ziren guztiak, babes nahikoa jaso ez zutelako.

EH Bilduk proposatutako zuzenketen artean egon ziren "irizpide orokor bezala" tasa eta zergetan igoerarik ez aplikatzea, familia ugarien hobariak irizpide ekonomikoen arabera progresiboki aplikatzea, hutsik dauden etxebizitzei %50eko gainordaina jartzea, lizentzia federatuak dauzkaten pertsonek gainontzeko abonatuen baldintza berak edukitzea, auzo-konposta egiten duten familiek %20ko hobaria jasotzea, irabazi asmorik gabeko izaera kultural, hezkuntzazko, kirolezko edo soziala duten pertsona fisiko, elkarte eta entitate antolatuek ordaindu behar ez izatea udal instalazioak erabiltzegatik, alderdi politiko eta sindikatuek duten "izaera soziala" aintzat hartuz hobariak izatea lokalen erabilerari dagokionez eta udalak emandako zerbitzuen artean bereizketarik ez egitea lehentasunaren arabera.

PPk ere tasa eta zergak izoztea proposatu zuen, besteak beste. Hirilurren balio gehitzeari buruzko zerga jaistea ere eskatu zuen, ibilgailuen gaineko zerga mantentzea, ondasun higiezin industrialen tasa 0,4528 izatea, orokorrena 0,1703 eta landa lurrekoena 0,9505 eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga jaistea. EAJk proposatu zuen langabetuen txartela izateagatik aplikatzen den hobaria kentzea, "16. ordenantzaren bitartez bonifikazio sistema bateratuaren aldeko apustua egin zelako orain dela urte batzuk". LOADek, bere aldetik, eskatu zuen udalean ordezkaritzarik ez duten alderdiak salbuetsita egotea lokalak erabiltzeagatik ordaintzeagatik, eta FUNCASen araberako aurreikuspen hori hurrengo urteetan aztertzea, ebazteko sistema egokiena den ala ez.

Somoto auzia hizpide

Ordenantza fiskalez gain, beste hainbat gai ere jorratu ziren udalbatzarrean. Adibidez, Somoto auziari buruz eman diren azken gertaerak. EH Bilduk mozio bat plazaratu zuen, '687/2015-I kereilan, alkatetzak burututako kudeaketa' izenekoa. Bertan, koalizio abertzaleak salatzen du Jesus Zaballos alkateak udaletxeak aurreko legealdian kontratatutako Miguel Castells abokatuarekiko izandako jarrera, besteak beste. Horri lotuta, udalbatzarrari hainbat akordio hartzea proposatu zion: alkateak Donostiako 3. Instrukzio Epaitegian aipatu kereilaren formalizazio eta defentsarako udalak aurreko legegintzaldian izendatutako abokatuarekiko izan zuen jarrera gaitzestea, abokatuari erabaki horren berri ematea, Gipuzkoaoko Abokatuen Elkargoari jakinaraztea, hark hartutako jarrera ontzat hartuz, eta alkateak 2015eko irailaren 3an adierazitako "partzialkeria" gaitzetsiz, udalbatzarrarentzat iraingarria dena, eta kereilaren ibilbidea jarraitzeko kereilatuaren (Ana Urchueguia alkate ohia) alderdi politiko berekoa ez den zinegotzi bat izendatzea. Onartua izan zen, bederatzi aldeko bozka (EH Bildu, LOAD, EAJ eta PP) eta zazpi aurkakorekin (PSE-EE).

Horrez gain, EAJk eta LOADek emendakin gehigarri bat erantsi zioten. Bi alderdiek eskatu zuten Bozeramaileen Batzarra deitzea hemendik bi astera gehienez, udalak kontratatutako abokatuak (Carlos Querejeta) azalpenak eman ditzan orain arte udalak emandako urratsei buruz, eta aldiro-aldiro batzar hori deitzea, kereilaren ibilbidea jarraitzeko izendatutako zinegotziak informazioa eman dezan. Hau ere onetsia izan zen, bederatzi aldeko bozka (EH Bildu, LOAD, EAJ eta PP) eta zazpi abstentziorekin (PSE-EE).

Jesus Zaballos alkateak argi utzi nahi izan zuen "garbi" jokatu duela prozesu honetan guztian orain arte. Astelehenean azalpen gehiago eman zituen prentsaren aurrean.

Beste gai batzuk

Orain arte aipatutakoez gain, plenoan gai gehiago plazaratu zituzten. 2016ko ekainaren 14an egindako batzarraren akta onartu zuten, baita 2016/1 zenbakidun kreditu aldaketa dossierra eta udalaren ondasun eta eskubideen 2015eko inbentarioan egindako aldaketak ere.

Horiez gain, alkatetzak proposatutako 'Mendebaldeko Saharari buruzko erakunde adierazpena' ere onartu zuen udalbatzarrak, aho batez. Dena den, EH Bilduk eskatu zuen hurrengo batean horrelako adierazpen bat Bozeramaileen Batzordera eraman eta "denen artean" egitea adierazpena. Alkateak erantzun zion testuaren erredakzioa Euskal Fondoak egin duela, ez dela alkatetzak sortutakoa izan, eta proposamena alkatetzatik egin izana ez dutela "fede txarrez" egin.

PPk urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen. Udal araudiak zehazten du mozioa eztabaidatu baino lehen onartu egin behar dela urgentziatasun hori, eta hala egin zuen korporazioak, hamabi aldeko bozka eta lau abstentziorekin. Alejandro Saenz bozeramaileak mozioa aurkeztu zuen ondoren. "ETAk eraildako Alejandro Saenz Sanchez eta Alfonso Morcillo Caleroren omenez minutuko isilune bat" gordetzea eskatu zion udalbatzarrari, abenduko saiorako. Ez zen onartua izan.

Galdera eta erreguak

Azkenik, alderdiek eta herritarrek galdera eta erreguak egiteko tartea izan zuten. PPko Alejandro Saenzek proposamen bat egin zuen: Hipodromo Etorbideko aldapa hasi baino lehen dagoen pibote multzoari bi gehiago jartzea, "herritarrek bertan birarik eman ahal izan ez dezaten". EAJko Jon Antxordokik galdetu zuen ea Urnieta bideko errekan esku hartuko duen udalak, gainezka egitear baitago. Udal gobernuak proposamenak jaso eta erantzunak eman zituzten. Errekaren kasuan, Jose Mari Urdanpilleta zinegotziak zehaztu zuen orain arte ez dela bertan esku hartu "pertsonal faltagatik".