Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek EHBilduk lehengo astean Somoto auzian azken urtean jazotako gertakizunei buruz egindako agerraldiari erantzun dio.
Alkatearen hitzetan oso mindua dago, hilabete hauetan alderdi ezberdinek egindako elkarlana eta sortu den giroa apurtu delako.
Era berean, egindakoarekin kontzientzia lasai dagoela onartu zuen, “ez dut Somoto prozesuan oztoporik jarri nahi izan, ezta Urchueguiaren alde egin ere”.
Gardentasuna
Jesus Zaballosek azaldutakoaren arabera, gardentasunaren izenean egin du guztia. “Udaleko batzarkideen informazio eskubidea defendatu nahi nuen. Castellsekin bildu nintzenean, 2015eko ekainaren 24an kereilaren, kopia eskatu nion. Udaleko araudiaren arabera, Udalbatzar kide guztiak informazioa izateko eskubidea dute. Egun kide asko berriak dira eta ez dute gaiari buruzko informaziorik. Kopia Udaleko idazkariak izateko zen. Castellesek begiratuko zuela esan zuen. Gainera, idazkariak eta kontu-hartzaileak nahi zuen guztian lagunduko ziotela esan nion eta berak eskertu zuen. Egun gutxietara, era formalean eskatu nion kopia, idatziz eta irteera erregistroa eginez”.
Bi egunetara, akusazio partikularra aurkezten zela jakin zuen alkateak eta orduan Castellsi deitzea erabaki zuen. “Autoa ekainaren 22koa zen. Nirekin bildu baino bi egun lehenagokoa! Nirekin bileran zegoela ez zidan honen berri eman. Horregatik telefonoz leialtasun falta leporatu nion. Udala bere bezero izanik, akusazio partikularra aurkeztu zela jakin behar baitzuen. Guztia transkribatu eta erregistroan sartu nuen gardentasuna egoteko”.
Castellsek erantzuna eman zion eta alkateak eskutitza erregistratu zuen ere. Abokatuen Elkargoak bere babesa eman zion Castellsi eta Elkargoaren idatzia ere erregistroan sartu zuen. Alkateak orduan, Elkargoaren jokaera partziala zela egotzi eta Udala babesgabeko egoera batean geratu zela adierazi zien “ez baitzidaten deitu nire bertsioa eskatzeko, Castellsek esandakoarekin erabaki zuten soilik”.
Presiorik ez
Era honetara, Castellsekin harremana bi bilera eta telefono dei bat bakarrik izan direla azpimarratu zuen , “ez nion presiorik egin bere postua uzteko. Are gehiago izendapenaren ostean, nahiez gero, bere postutik kendu eta beste abokatu bat izendatu nezakeen alkatetza dekretu bidez. Baina ez nuen egin”.
Castellesek ez zidan deitu utziko zuela esateko, epaileari jakinarazi zion eta honek guri.
“Hau guztiaren berri, batzordeetan ematen nien beste alderdiei eta Pablo Barriok guztiaren kopia eskatu zuen. Nik arazorik ez zegoela adierazi nion,” aipatzen du.
Abokatu berria
Gainera, Zaballosek azaldu legez, oposizioak erabaki zuen abokatu berria. "Oposizioak proposamenak egin zituen eta PSE-EEk ez zuen inor aurkeztu". Azkenean, Karlos Kerejeta izan zen aukeratua eta "zein da nire sorpresa nik izendapenaren berri eman baino lehen bazekiela," adierazi zuen. " Castellsen antzera, idazkari eta kontu hartzailea laguntzeko prest zeudela jakinarazi eta harreman guztiak idazkariaren bidez egiteko eskatu nion," azpimarratzen du.
Kopiarik ez izan
Honetaz gain, kereilaren kopiarik ez duela azpimarratu zuen, EHBilduren hitzak gezurtatuz. “Castellsi esan nion kopia ematen ez bazidan, Urchueguiaren abokatuari eskatu ahalko niola. Baina hori ere ez dut egin. Ez dakit kereilak zer dioen”.
EHBilduk kopia izatea eta beste hainbat gauza azaldu behar dituela adierazten zuen bere agerraldian, baina "Pablo Barriok urte betean ez dit deitu honi buruzko azalpenik eskatzeko," aipatu uzen.
Kereilaren prozesuari dagokionez, orain azterketa fasean daudela eta prokuradoreak Udaleko kontu-hartzaileari jakinarazi dionez, epaileak auditoria berria eskatu du, “Udalak aurretik egindako lanak eta eskatutako auditoriak ez du balio. Beste bat egingo da”.
Informazio partziala
Era berean, EHBilduri datuak bere osotasunean ez eskaintzea eta agerraldia bere irudia zikintzeko besterik ez egitea leporatu zien alkateak.
EHBilduk gertaera hauek ez azalarazteko arrazoia ere airean jarri zuen, “Pablo Barrio eta Estitxu Alkorta ziren akusazio partikularra egin behar zutenak eta ni alkate izan baino lehen egin zuten eskaera. Autoa 2015eko ekainaren 22an atera zen eta bertan fidantza bat ezartzen zen. Alkortak eta Barriok bere abokatuaren bitartez, Castells jauna, errekurtsoa jarri zuten, baina akusazio izateko 9.000 kopurua ordaindu behar zela berretsi zuen epaileak. Estitxuk atzera egin duela jakin dugu, zergatik? Pablok bakarrik egingo du aurrera. Orain dela gutxi onartu du epaileak akusazio partikularra, horregatik ezin zuten ezer esan. Onarpen data esan dezatela”.
Hau guztiaz gain, prozesu hau argitzeko bi era zeudela aipatu zuen judiziala eta administratiboa. Bide judizialean erantzukizunak eskatu ahal dira, baina administratiboan justifikatu gabeko diru laguntzen zenbatekoa eskatu zitekeen, “EHBildu egon den lau urteetan ez da ezer eskatu. Bost urteko epea dago eskaera egiteko, baina dagoeneko epea pasa da eta preskribatu dira”.
Gaur arratsaldean eztabaidatuko den mozioa ere izan zuen hizpide, “deigarria egiten zait urte betean ez batzorde, ez udalbatzarretan, ez zuzenean gai honi buruzko informazioa ez eskatzea eta mozio horretan, informaziorik ez ematea leporatzea. Nik jakindako guztia esan nien bere garaian. Aurreko legealdian PSE-EEk hilabetero galdetzen zuen gai honi buruz”.