Hasi da 2016-2017 ikasturtea Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 7a

2016-2017 ikasturtea berrikuntza eta ezustekoekin hasi da Lasarte-Orian. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko HH mailakoek Zumaburuko eraikinetik kanpo hasi beharko dute urtea. Landaberri BHI eta Lasarte-Usurbil Institutuko bateratzearen lehen pausoak eman dira.

Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako haur eta gazteek 2016-2017 ikasturteko lehen eguna izan dute gaur, Sasoeta-Zumaburuko HH mailako txikiek izan ezik. 

Lehengo ostiralean 'Zumaburu eskolako eraikinak ez du ikasturtea hasiko' albistean berri eman genuen legez, Zumaburuko eraikin itxia dago eraikinaren estrukturak izan ditzakeen patologiak direla eta. Ondorioz, ikasleen leku aldaketa landu eta 2 eta 3 urteko haurrek Sasoetako eraikinean hasiko dute urtea eta 4-5 urtekoak, aldiz, Euskaltegi zaharreko ikasgeletan. Era berean, ikasturteko lehen eguna atzeratu behar izan dute, irailaren 19a izango da.

 

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH mailako gaztetxoak, berriz, lanean dira. Tutoreak eta ikasgela ezagutu eta oporretako abenturak elkarri kontatzeko astia izan dute gaur goizean zehar.

 

Lehen eguna

Landaberri ikastolako HH eta LHko haur eta gaztetxoak ere hasi dira martxan.

Landaberri-Garaikoetxean 2 eta 3 urteko haurrak egokitzapeneko lehen eguna izan dute eta hainbat negar entzun dira geletan. Gurasoen laguntzaz ikastola eta ordutegi berrira ohitu eta irakasle, zein ikaskide berriak ezagutzeko egunak izango dira.

Zubietako eraikineko LH mailako gazteek berriz, Sasoeta-Zumaburukoen antzera, tutore, irakasle eta ikasgela berriak ezagutu dituzte.

DBHko bateratzea

Hau guztiaz gain, Landaberri BHI eta Lasarte-Usurbil Institutuko bateratzearen lehen urtea izango da. Aurten DBH1 mailan nahastuko dira lehenengoz Landaberri zein Sasoeta-Zumaburuko ikasle izandakoak.

Bien bitartean, gaur DBHko gaztetxoek ikasturteko aurkezpena izan dute, baita Batxilergoko ikasleek ere.