Sasoeta-Zumaburu ikastolako Zumaburuko eraikinean zaharberritze lanak egin dituzte udan zehar eta Udalak jakitera eman duenez, lanean ari zirela, eraikinaren estrukturan patologiak izan daitezkeela ikusi da.Teknikari aditu bati kontsulta egin ondoren, arazoen analisia egin da, laginak hartu eta laborategian probak eginez. Emaitzen zain daude.
Egoera horren aurrean, ikasturtearen hasiera hain gertu zegoelarik eta ikasleen, irakasleen eta zerbitzu-langileen segurtasuna bermatzearren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak, Lasarte-Oriako Udaleko alkatearekin elkarlanean, kokaleku alternatiboa aurkitu du, Sasoetako eraikina eta Eukaltegi zaharra.
Hartutako erabakiak aldi baterako konponbidea ematen dio arazoari. “Urgentziazko eta aldi baterako irtenbidea” dela azpimarratu dute.
Leku aldaketa
Era honetara, Hezkuntza ordezkaritzak 2 eta 3 urteko haurrak Sasoetako eraikinera lekualdatuko ditu, han zenbait ikasgela erabiltzeko libre baitaude.
Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzari lehengo Euskaltegi zaharra eskaini dio, 4 eta 5 urteko haurrak han kokatzeko, “Ikastetxetik oso hurbil dago eta”. Eusko Jaurlaritzak jadanik hasi ditu urgentziazko egokitze-lanak ikasgela horietan.
Horretaz gain, Alkatetzak Biyak Bat Jubilatuen Elkartearekin areto bat kudeatu du behin-behineko jangela moduan erabili ahal izateko. “Eskertzekoa da haien onespen azkarra, nahiz eta zerbitzu horrek eragozpenak sorraraziko dizkien”.
Elkarlana
Udalak bi instituzioen artean erabateko elkarlana egon dela azpimarratu du, “halako arazo baten aurrean, uda-garai bete-betean urgentziazko neurriak hartu beharra ekarri baitu”.
Era berean, bi entitateek eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak erakutsi duten ulerkortasuna eskertu nahi dute. Hauek puntualki kudeaketaren berri jasotzen ari direla ere jakitera eman dute.