Erraustegiaren aurkako martxa beltza

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 19a

GuraSOS taldeak egindako deiak erantzun masiboa izan du, eta jende ugarik egin du bat erraustegiaren aurkako martxa beltzarekin. Antiguako tuneletik hasi eta Alderdi Ederreraino, ozen entzun da beste behin egitasmo horren kontrako aldarria. Hainbat lasarteoriatarrek egin dute bat ekitaldiarekin.

GuraSOS taldeak gogorarazi duenez, Zubietan eraiki nahi den errauste plantaren eragin eremuaren barruan "200 eskola eta 69.000 haurretik gora" daude. Gaurko protesta ekimenean nabarmendu dutenez, proiektu horri buruzko "egiazko informazioa" nahi dute. 

Antiguako tuneletik abiatu da martxa beltza, eguerdiko hamabietan. Hainbat herrietako biztanle ugarik egin dute bat GuraSOSen deiarekin, baita Lasarte-Oriakoek ere. Alderdi Ederrera abiatu dira denak batera, erraustegiaren aurkako aldarriak ozen plazaratuz. 

Gogorarazi behar da talde horrek manifestu bat prestatu duela, eta Gipuzkoan zehar atxikimenduak bilatzen ari dela, agintariei bidaltzeko gero. Dagoeneko 11.000 sinadura baino gehiago bildu dituela jakinarazi du GuraSOSek. Maiatzaren 7an eman zuten horren berri, taldea aurkeztu zuten egun berean.

Gipuzkoa Zutik Zubietan

Gipuzkoa Zutik ekimena Zubietara iritsi zen atzo arratsaldean, bizikletaz. Asteburu honetarako antolatutako ekintzen baitan zegoen Zubietarainoko bizikleta martxa. Behin bertara iritsita, hainbat ekimen egin zituzten arratsalde eta gau partean: errauste planta eraiki nahi den gunera bisita, erraustegiari eta makro-kartzelari buruzko mahai inguruak, bertsolariak, herri afaria... Hainbat pertsonak egin zuten bat ekimenekin.

Maiatzaren 29an jaio zen ekimena, eta zutik dirau oraindik. Egunetik egunera, gainera, irmoago: eskualde mailara ere zabaldu da mugimendua. Buruntzaldeara ere iritsi da; iragan ostegunean egin zuten lehenengo asanblada Buruntzaldea Zutikeko kideek, Okendon.