Gurasoak ere, erraustegiarekin arduratuta

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 7a, 18:27
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki gura duen errauste plantak kezka sortu du gizarteko hainbat eragile eta taldeengan. Baita hainbat guraso gipuzkoarrengan ere. “Mundu desberdinetako kideen elkarlanetik” abiatuta, GuraSOS izeneko mugimendua jarri dute martxan, eta ahotsa altxatu, belaunaldi gazteenen osasuna babestea “diferentzia guztien gainetik” dagoela aldarrikatzeko. Hainbat ekintza burutuko dituzte datozen asteetan. Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Manuel Lekuona kultur etxean.

Interes politiko edo ekonomikorik ez dugu; bakar-bakarrik gure seme-alabak babestu nahi ditugu, ez dugu onartzen euren osasuna arriskuan jartzerik”. Argi mintzo dira GuraSOS mugimenduko kideak. Babestu nahi duten horrekiko mehatxu gisa ikusten dute Gipuzkoako Diputazioak Zubietan eraiki nahi duen errauste planta, gaztetxoenen osasunerako “berme nahikorik” eskaintzen ez duela argudiatuta. “Mundu desberdinetako kideen elkarlanetik” jaiotako mugimenduak “kide guztien elkargune” izan nahi du etorkizunean. 

Egitasmoa gaur eguerdian aurkeztu dute GuraSOS mugimenduko partaideek, kultur etxean. Jendetza bertaratu da egitasmoaren nondik-norakoen berri izatera. 

Ikasle talde batek ekin dio ekitaldiari, antzezlan bat oholtzaratuz. Jolasean ari zirela, kea botatzen hasi zen Zubietako balizko errauste-planta, eta maskarak jantzi behar izan dituzte gaztetxoek. Ikusleek txalo zaparrada luzea eskaini diete neska-mutil horiei.

Kezka nagusia, osasuna

GuraSOSeko kide Maitane Izagirre eta Nelson Olivaresek eman dute mugimenduaren xehetasunen berri. “Oinarria du gure kezkak; osasuna arriskuan dagoenaren aitortza inplizitu bat dago”, zehaztu du Izagirrek. 

Hainbat arrazoi ere eman ditu: “Gipuzkoako agintariek Biodonostirekin hitzartu duten azterketa epidemiologikoa egin beharrak frogatzen du arrisku baten aurrean gaudela; bestalde, ikaratzen gaituzte OEIT taldeko medikuek berriki aurkeztu dituzten ebidentzia zientifikoek, datuek eta ondorioek, argi baitiote fetoak, haurrak eta gaztetxoak direla erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituzten taldeetako batzuk” .

Olivaresek aipatu duenez, Eusko Jaularitzak 30 kilometroko eragin-eremu bat onartu du, erraustegien kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterketari buruzko ikerketan. “200 hezkuntza zentro daude eremu horren barnean, gurea eta zuena barne, baita Donostiako ospitaleak eta Onkologikoa ere”.

Belaunaldi gazteen osasunak arduratzen ditu GuraSOS mugimenduko partaideak, eta baita “isiltasunak” ere: “Arduratzen gaitu Zubietan eraiki nahi dutenaren gisako azpiegiturek osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak”, nabarmendu du Izagirrek. 

Bi lan-ildo

Esparru batean baino gehiagotan ari da lanean GuraSOS. Batetik, mediku eta zientzialariengana jo dute informazio eske, eta baita “erraustegien arriskuari” aurre egin dieten gurasoengana ere. Horri lotuta, maiatzaren 21erako dibulgazio ekitaldi bat antolatu dute, Hernaniko Orona Ideo zentroan, orain arte jasotakoa gizartearekin partekatzeko.

Familiez gain, aipatu eragin-eremuan dauden zentroei eta osasun munduan zeresana eman duten profesionalei ere egingo diete gonbitea jardunaldi horretarako, Izagirrek eta Olivaresek aipatu dutenez.

Bestalde, euren kezka eta nahiak azalduz, manifestu bat prestatu dute mugimenduko partaideek. Jasotzen dituzten atxikipenak bildu eta gero, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari helaraziko diote. Eskatuko diote erraustegiaren asmoa “alde batera” uzteko, “prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituz”, larunbateko aurkezpenean jakitera eman dutenez. 

Sarean sina daiteke dagoeneko manifestu hori, www.gurasos.org webgunean, eta informazio gehiago eskuratu.

Maiatzaren 29ko giza-katea

Hiru aste eskas geratzen dira errauste plantaren aurka eta osasunaren alde egingo den giza-katerako. Foru Aldundia eta Onkologikoa lotuko ditu. Herriko Aire Garbia plataformak Easo plaza eta Londres hotel arteko zatia egin behar du; 500 lagun beharko dituzte tarte hori betetzeko. Txartela bete beharko dute interesa dutenek, izen-abizenak jarriz eta 29an Easo Plazan 11:30ean egoteko konpromisoa hartuz.