Goiz eta arratsaldez ariko dira LOKEko gimnastak igande honetan, Gasteizko Abetxuko kiroldegian jokatuko den Euskadiko amateur txapelketan. Goizean Aizpea Arroyo seniorraren -Gipuzkoako txapelduna izan da berriki- txanda izango da; uztai eta mazekin ariko da. Iaz lortu zuen txapeldun izatea, eta aurten balentria errepikatzen saiatuko da. Jubenil A taldea ere irtengo da tapizera goizean zehar, mazekin.
Arratsaldean berriz, Alazne Gonzalez jubenila ariko da, bakarka, maza eta zintekin. "Maila handiko parte hartzaile ugari daude kategoria guztietan; gure gimnastei zorterik onena opa diegu", adierazi du Maite Rueda prestatzaileak.
Alebinak bikain Ordizian
Udaberriko txapelketako bigarren fasean aritu ziren herriko ikastetxeetako alebinak, iragan larunbatean, Ordiziako Majori kiroldegian. Sasoeta-LOKE taldea bigarren izan zen eta hamazazpigarren Landaberri-LOKE.
Infantilen kategorian, LOKE laugarren postuan sailkatu zen.