Aizpea Arroyo: “Gimnasia erritmikoa nire bizitza da”

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko mai. 23a, 11:30
Bost urterekin ekin zion gimnasia erritmikoan aritzeari Aizpea Arroyok. Pasa dira hamabost urte ordutik, hogei ditu orain herritarrak, baina ez du pasio izpirik galdu. Kirol diziplina horretaz hitz egiterakoan, ez dio uzten irribarre egiteari segundo bakar batez ere. Gimnasia erritmikoa bere bizitza da.

Lortutako domina guztiak nekez kabitzen zaizkio lepoan Aizpea Arroyori. Senior mailako Gipuzkoako txapelduna izan zen, uztai eta mazekin. Horrenbestez, sailkapen orokorreko lehenengoa ere izan zen. Denera, hiru domina erdietsi zituen herritarrak.

Asteburu biribila izan zen ordukoa LOKEko gimnasia alorrarentzat. Arroyok lortutakoez gain, Alazne Gonzalez ere igo zen podiumera: hirugarrena izan zen zintekin. “Konpetitu aurretik, esan nion nik podiumera igoko zela, eta begira, lortu zuen azkenean”, gogoratzen du Aizpea Arroyok.

Lehen esan bezala, bera ere igo zen podiumera, hiru aldiz. Txapelketari ekin aurretik urduri zegoela dio, baina denbora gutxian nerbioak poz bilakatu ziren: “Izugarriak izan ziren ondorengo momentuak: egia esan, ez nuen espero irabaztea, eta sentsazioa are bereziagoa izan zen; gainera, nire lagunak eta ikasleren bat edo beste joan ziren txapelketa ikustera, eta indar asko eman zidan horrek”.

Lana, lana eta lana

“Jende askok pentsatzen du erraza dela gimnasia erritmikoan aritzea, esfortzu handirik gabe praktikatu daitekeela, baina hori ez da egia”, nabarmentzen du Arroyok. “Tapizean ikusten denaren atzean lan eta entrenamendu ordu asko daude”. Astean lau aldiz entrenatzen du Arroyok. Ordu eta erdikoak dira aste tarteko saioak, eta bizpahirukoak asteburukoak. Eta, gero, tokatzen denean, konpetizioak. “Ongi” moldatzen da entrenamenduak eta lana uztartzeko: “Erdi eta erdi egin behar izaten dut askotan, baina neure kabuz ere ahal dudan guztia egiten dudanez, konpentsatzea lortzen dut”, zehazten du.

Arroyoren ustez, gimnastak bere buruari exijitzea eta lan egiteko prest egotea garrantzitsua da. “Oreka eta malgutasuna bezalako ezaugarriak oso inportanteak dira, jakina, baina aspektu mentala ere bai. Lan egiteko prest egon behar duzu, zure buruari exijitzeko, bestela ez duzulako askorik lortuko”.

Gimnasta eta entrenatzaile

Txanponaren bi aldeak ezagutzen ditu herritarrak, zazpi eta hamar urte bitarteko gaztetxoei gimnasia klaseak ematen dizkielako. “Maite ditut nire txikiak, oso-oso gustura aritzen naiz haiekin, nik urteotan ikasi dudan guztia transmititzen”, aipatzen du Arroyok.

Bost urte zituela murgildu zen Aizpea kirol diziplina horretan. Oraingo belaunaldiek, ordea, bi urte gehiago itxaron behar dituzte, herritarrak azaltzen duenez: “LOKEk arau bat ezarri du: esaten du gaztetxoek zazpi urte baino gutxiagorekin ezin direla hasi gimnasia egiten; hori aldatzeko borrokan gabiltza entrenatzaileok, txiki-txikitatik hartzen baita malgutasuna, eta zazpi bete arte ez badira hasten, urteak galtzen dituzte”.

Bost, zazpi eta ahal izanez gero, urte gehiagoz jarraitu nahi du Aizpeak tapizetan. “Ez zait burutik pasatzen gimnasia erritmikoa egiteari uztea, ahalik eta urte gehien jarraitu nahi dut, eta, ibilbidea bukatzean, entrenatzaile bezala jarraituko dudala argi daukat”. 

Behin eta berriro azpimarratu du Aizpeak erretiroaren momentua oso urruti dagoela oraindik. Orainean pentsatzen du, baina aipatu du badaukala gimnasia aktiboki utzi aurretik bete nahi duen amets bat: Espainiako txapelketa batean parte hartzea. “Badakit are lan gehiago egin beharko dudala, lau dantza eraman behar izaten baitira txapelketa horretara. Horrek eskatuko lidake asteko zazpi egunetan entrenatzea; badakit ez nintzatekeela ibiliko goiko postuetan, baina urteren batean gustatuko litzaidake konpetitzea”.

Euskadikorako, bi aste

Espainiakoan ariko den ala ez oraindik ez dakigu, baina Euskadikoan hartuko du parte bi aste barru, hori ziur. Iaz egindakoa errepikatzen saiatuko da herritarra: “Iazko edizioan irabazi egin nuen; ea aurten ere lortzen dudan! Beti bezala, gogotik saiatuko naiz”. 

Euskadikoaz gain, beste bi astetan ere konpetituko du Aizpeak. Denboraldia ekainaren 19an itxiko du, LOKEko gimnastek Kiroldegian eskainiko duten erakustaldiarekin.